Udala etxebizitza beharrez galdezka

Guaixe 2021ko mar. 30a, 13:54
Uharte Arakilgo etxeak.

Inkesta apirilaren 11ra arte erantzun dezakete etxea alokatu, erosi, errentan eman edo saldu nahi dutenek, baita beraien etxebizitzaren energia eraginkortasuna hobetu nahi dutenek ere.

Etxebizitzarako sarbide zaila dagoela aitortu du Txomin Uharte Baleztena alkateak. “Uharte Arakilen etxebizitza asko eta asko hutsik daude, eta etxebizitzen merkatua geldi dago. Eta jendea herrian ezin bada bizi joan eginen da. Etxebizitza horiek merkaturatzeko, saldu edo alokatzeko nahia zein den jakin nahi dugu. Baita energia eraginkortasuna hobetu nahi duenik baden ere”. Alkateak jakinarazi duenez, etxebizitzak zaharberritzeko erraztasunak nola eman aztertzen ari da ere. 

Bitartean, uhartearren artean etxebizitza premia zein den jakiteko, Uharte Arakilgo Udalak galdetegia prestatu du eta herritarrei hura erantzuteko eskatu die. Inkesta udalaren www.uhartearakil.com webgunean, haren Facebook profilean, Whatsapp taldean edo udaletxean (paperean) eskuratu daiteke. Inkestako galderak etxebizitza bat alokatu edo erosi nahi dutenek bete dezakete. Baita etxebizitzak errentan utzi edo saldu nahi duten jabeek ere. 

Bestalde, Uharte Arakilgo Udalak jakinarazi du Nafarroako Gobernuarekin eta Nasuvinsa enpresa publikoarekin harremanetan dagoela eraikinen energia birgaitzea aztertzeko, hau da, etxebizitzetan beharrezko moldaketak egin eta energia eraginkortasuna nola egin aztertzeko. Horri buruzko informazio gehiago nahi duten etxejabeek inkestaren bidez jakinarazi diezaiokete udalari. Inkestak jaso ondoren, eta uhartearrek interesa azalduz gero, Uharte Arakilgo Udaleko kideek haiekin bilerak eginen lituzkete. 

Galdetegia 
Udalak prestatutako inkestak dozena bat galdera du. Erantzuten duenak, bere izen-abizenak eta harekin harremanetan jartzeko bideak zehaztearekin batera, zehaztu behar du etxebizitza bila dabilen edo jabea den. Bila dabiltzanek zehaztu beharko dute etxebizitza alokatu edo erosi nahi duten, zer nolako etxebizitza bilatzen duten (pisua, etxea, eraikitzeko partzela…), etxebizitza bat zaharberritzeko prest ote leudeken edo beste jabe batzuekin elkarrekin egindako zaharberritze batean parte hartzeko prest leudekeen. Etxe jabeek, berriz, honako galderak erantzun beharko dituzte: zer motako etxebizitza duzu (pisua, etxea, partzela, beste bat)? Alokatu edo saldu nahi duzu? Interesatuko litzaizuke zure eraikina zaharberritzea edo sustatzailea izatea? Eta, azkenik, interesatuko litzaizuke Nafarroako Gobernuko etxebizitzen alokairu-poltsan sartzea?