Udalak bat eginen du ibarreko zuntz sarearekin

Guaixe 2021ko api. 1a, 10:28
Uharteko plazako iturria eta Felipe Gorriti kalea. Artxiboa.

Irurtzun eta Etxarri Aranatz arteko zuntz optikoko sarearen zabalkundean parte hartuko du, eta herrian sare horren zabalkundean dauden gabeziak “modu jasangarrian” konpondu nahi ditu.

Toki Azpiegitura Planaren bidez, 2017an, herrietan zuntz optikoa sartzea sustatu zuen Nafarroako Gobernuak. Haren enpresa publiko bat, Nasertic, adar nagusiaz arduratu zen. Uharte Arakilgo kasuan Adamo enpresa arduratu zen obra egin eta herrian barnako zabalkundea egiteaz. Baina, Txomin Uharte Baleztena alkateak azaldu duenez, “nahiko eskasa izan zen zabalkundea, bi auzo eta industrialdea zuntz optikorik gabe gelditu zirelako. Baita zuntza eramateko zailtasunak zeuden etxeetaraino ere”. 

Sakanako Mankomunitateko Telekomunikazio Batzordea Irurtzun eta Etxarri Aranatz lotuko dituen zuntz optikoko sarea ezartzeko egitasmoa prestatu du Guifinet enpresarekin. Arakil, Irañeta eta Arruazuri zerbitzua emateaz aparte, gainerako herriek ere aukera izanen dute sare horretara lotzeko.   Alkateak azaldu duenez, Uharte Arakil ere lotuko da, baina, “modu jasangarrian. Ez dugu sare bat bestearen gainean izatea nahi”. Uhartek dio ez dutela zuntz optikoen bikoizketarik nahi herrian: denen artean sare bat osatzea nahi genuke, eta gero telekomunikazio konpainiak beraien artean molda daitezela, bai azpiegiturak partekatuz bai ekonomikoki”. 

Uharte Arakilen herritar gehienak adineko jendea direla gaztigatu du alkateak. “Hainbatek hasieran zuntz optikoaren premia ikusten ez bazuten ere, eskaerak egiten ari dira”. Baina sarearen zabalkundearen arabera zerbitzua jaso dezakete edo ez.