Oso larri zauritutako eskalatzailea erreskatatu dute

Guaixe 2021ko mar. 30a, 21:29

61 urteko gizonezko zangozarrak 20 metro inguruko erorikoa izan du

Aralarren, Uharte Arakilgo Eskansarri paretan, bi gizonezko eskalatzen zeuden gaur arratsaldean. Paretan gora 150 metro eginak zituztenean eskalatzaileetako batek istripua izan du eta 20 metroko erorikoa izan du. Egoera txarrean eta soketatik zintzilik gelditu da eskalatzailea. Bere soka-lagunak SOS Nafarroa 112 larrialdi telefonora hots egin du 16:22an. 

Suhiltzaileen Erreskate Teknikoko Taldea helikopteroz joan da ezbeharra izan den lekura eta taldekideak rappel eginez jaitsi dira eskalatzaileak zeuden tokira. Istripuaren ondorioz eskalatzailearen kaskoa hautsi egin da eta traumatismo handia eragin dio buruan, baita hausturak ere besoetan eta traumatismo larria saihetsetan. Eskalatzailea egoera larrian zegoenez, suhiltzaileek ohatilan egokitu gabe, ohiko prozedurari jarraituz, altxatu eta zelai batera eraman dute. Han, osasun taldeak artatu ondoren, helikoptero medikalizatu batek zauritutako gizonezkoa hartu eta Nafarroako Ospitale Gunera eraman du.

Beste eskalatzaileak nahiago izan du erreskate taldearen helikopteroan ez bidaiatzea. Beraz, suhiltzaileek leku seguru batera iristen lagundu diote eta, bere kabuz, autoa aparkatuta zuten tokiraino joan da. Erreskate maniobretan Altsasuko suhiltzaileak eta Foruzaingoaren patruilak lagundu dute.