Maiatzaren 16an Iturmendiko Trofeoa jokatu zen, aldi berean afizionatuen mailako Nafarroako Errepideko Txapelketa zena. Lasterketa oso mugitua izan zen: euria, hotza, etengabeko erasoak... baina azkenean Igor Arrieta Lizarragak (Lizarte) irabazi zuen (3:16:57), etapa ikusgarria burutu eta gero. Uhartearrarendako afizionatuen mailako bere lehendabiziko garaipena izan zen, non eta Sakanan, eta ez edonolako garaipena, Nafarroako 23 urtez azpiko txapelduna izatea lortu duelako.
Aurten hasi zara afizionatuen mailan eta dagoeneko zure lehen garaipena lortu duzu. Eta ez hori bakarrik, Nafarroako txapelduna zaitugu. A ze nolako debuta. Zorionak!
Eskerrik asko! Egia esan, denboraldi hasiera oso ona izan da. Eta garaipena lortuta, oso pozik nago.
Lizarte taldea aukeratu zenuen afizionatuen mailara salto egiteko. Jubenilen mailatik afizionatuetara dagoen saltoa oso handia omen da.
Bai, aldaketa handia da, bai entrenamenduen aldetik, lasterketa erritmoa... Ez da erraza, baina nahiko ongi egokitu naiz kategoria berrira.
Sakana Group-Aralarren trebatzetik iritsi zinen Lizartera. Taldekide berriak, entrenatzaile berriak… Nolako giroa duzue Lizarten?
Giroa oso ona da. Bazegoen jubeniletako lasterketetatik aurretik ezagutzen nuen jendea, nahiz eta orduan taldekide ez izan, harreman ona nuena. Orain taldekide ditut. Egia esan, oso ongi.
Otsailean hasi ziren lasterketak, eta lau podium lortu dituzu, talde garaipenak eta mendi garaipenak kontuan hartu gabe. Lizarrako Cirilo Zunzarren Memorialean hirugarren izan zinen, Balentziaga Memorialean bigarrena, Santikutz Klasikoan hirugarren eta igandeko Iturmendiko Trofeoan txapelduna. Iturmendiko lasterketa mugitua izan zen, ezta?
Bai, baita eguraldiagatik ere, izan ere euria ari zuen, eta hotza. Gure asmoa zen azkeneko zatian lasterketa mugitzea, eta gure txirrindulariak aurreratzea; horretan saiatu ginen, eta azkenean Bakaiku baino lehenago, azken aldapatxoan, metro batzuk hartzea lortu nuen eta Iturmendira aurretik heltzea.
“Afizionatuen lehen lasterketa irabaztea, eta etxetik gertu, oso berezia izan zen”
Antolakuntzak zirkuitu bat prestatu zuen Iturmendi, Olazti eta Bakaiku artean eta zirkuituari 6 itzuli egin zenizkioten. Tartean Altamira sei alditan igo zenuten, Altsasutik. Halako zirkuitu laburrak sarritan, hala ibilbide luzeagoa nahiago?
Akaso nahiago dut ibilbideak luzeagoa izatea, baina denetara moldatu behar da eta ez dut arazorik. Egoera honetan lasterketak egin ahal izatea, hori bakarrik, ongi dago. Ibilbide luzeago batean portu gogor bat sartu edo Altamira seitan igo, bi lasterketak dira gogorrak. Igandean, Altamira igotzeko unean erritmoa oso altua zen, baina 5 minutuko kontua zen, gainontzeko 30 minutuetan ez baitzen erritmo berdina. Ibilbide gorabeheratsu horietan erritmoari egokitzea da gakoa.
Iturmendiko Trofeoan 20 txirrindulariko talde bat kokatu zen aurretik. Zu atzean zeunden, baina atzetik salto egin eta aurreko taldearekin batzea lortu zenuen. Altamirako azken igoeran erasoa jo zenuen, baina harrapatu zintuzten, eta azkenean Bakaikun aldea atera eta bakarrik sartu zinen helmugara, taldeari 3 segundo aterata. Igandekoa Lizarte taldearen beste erakustaldi bat izan zen, azkenaldiko lasterketa ia guztiak goitik behera kontrolatzen ari zaretelako.
Bai. Nik Altamiran kolpea jo nuenean lau taldekide nituen ondoan, Lizarteko 5 txirrindulari ginen. Erasora atera nintzen, etapa borrokatzeko eta irabazteko aukera gehiago izateko. Afizionatuen lehen urtekoa izanik, taldekideei laguntza gehiago ematea tokatzen zait, baina Iturmendin niretako lan egitea erabaki zen eta ongi atera zen. Afizionatuen lehen lasterketa irabaztea, eta Iturmendin, etxetik gertu, oso berezia izan zen.
Lizartek bere webgunean eta sare sozialetan ondoko titularra jarri zuen Iturmendiko garaipenaz: “Arrieta quiere un imperio”. Lan handia jarri dizute, afizionatuen lehen urtetik inperioa eraikitzen hastea.
Bai (kar, kar…). Besterik gabe, halakoei ez diet buelta gehiegirik ematen. Nik orain arte bezala jarraitu beharra dut, nire lana ongi egiten saiatzen eta ikasten. Halako titularrek ez naute estutzen.
Kadeteetan eta juniorretan maila bikaina ematetik iritsi zara afizionatuetara. Kontuan hartu behar da ere, txirrindularitzarako gaitasun handiak dituzula eta Movistar Team taldeko Jose Luis Arrieta zuzendariaren semea zarela. Zutaz asko espero da, baina presio hori ez al da gehiegizkoa?
Esan dizudan bezala, nik ez diot honi guztiari buelta asko ematen. Lana ahalik eta hobekien egiten saiatzen naiz beti; batzuetan ateratzen da eta besteetan ez, baina horrela jarraitzea dut buruan.
“Afizionatuen lehen urtekoa izanik, taldekideei laguntzea gehiago tokatzen zait, baina Iturmendin niretako lan egitea erabaki zen eta ongi atera zen”
Nolako egutegia duzu? Ba al duzu begiz jota duzun probaren bat, bertan aritzeko irrikan zaudena?
Aurtengoa ere urte arraroa da; bakoitzak zein probatan parte hartuko dugun ez dakigu zehatz eta mehatz, baina hemendik hilabete pare batera Espainiako Txapelketak jokatuko dira eta niretako bereziak dira. Oraingoz hori da helburu nagusia. Kasu honetan, Nafarroako selekzioarekin arituko nintzateke, eta ea zer moduz ateratzen diren.
Aurretik, junior mailan, Espainiako txapeldunordea izan zinen errepidean eta erlojupekoan eta Espainiako ziklo-kros txapelduna. Bide horretatik jarraitu nahiko zenuke, baina afizionatuetan zailagoa izango da, ez?
Kategoriaz igotzen zarenean beti maila altuagoa izaten da, zailagoa. Hortaz, Espainiako Txapelketetarako maila onean egoten saiatuko gara.
Junior mailan Espainiako selekzioak deituta zenbait txapelketatan aritu zinen, Mundialetan eta Europako Txapelketetan tartean. Afizionatua zarenetik selekziotik zurekin harremanetan jarri al dira?
Harremanetan egon gara, baina ikasketak eta beste direla, aurtengo denboraldi hasieran eurekin aritzea ez da posible izan. Ikusiko dugu zer datorren.
“Espainiako Txapelketak niretako bereziak dira, eta oraingoz hori da helburu nagusia”
Txirrindulari nahiko osoa zara; alor guztietan ibiltzen zara ongi baina mendia duzu gustukoen, eskalatzaile petoa zara.
Bai, momentuz mendiko lasterketak gustukoagoak ditut esprintekoak baino.
Afizionatuetan jokatutako lasterketetatik orain arte zein gustatu izan zaizu gehien?
Balentziaga Memoriala edo Santikutz, gogorrak izan direlako eta portu luzeak zituztelako. Agian horregatik izan dira politenak.
Baina Iturmendiko garaipenak zapore berezia izango zuen, ez?
Bai, jakina. Afizionatuen lehen urtean lehen lasterketa irabaztea eta etxetik gertu, oso polita izan zen. Garaipena ospatzeko lagunekin afaldu nuen.
Senitartekoen, herritarren eta lagunen artean sekulako fan kluba duzu.
Bai (kar, kar…). Orain arte mugak itxita egon direnez, ezin izan dute hemendik kanpoko lasterketetara joan; bestela, etxekoak beti joaten dira. Iturmendin egon ziren.
“Denboraldia luzea da oraindik, baina orain arte gustura nabil”
Zenbat entrenatzen duzu?
Ikasketak direla, astean zehar ez dut entrenamendu luzeak egiteko denbora soberan, baina hiru ordu inguru egiten ditut, asteburutan lau, eta tarteka bi ordukoak. Egunero ez dut berdin entrenatzen. Astearen arabera, azterketak ditudan edo ez kontuan hartuta...
Zer moduz ikusten dituzu afizionatuetan dauden gainontzeko sakandarrak?
Ongi. Agian egia da ni azkarrago moldatu naizela kategoria berrira eta beraiek oraindik egokitzen ari direla, baina orokorrean hemen, Sakanan, oso maila ona dugula uste dut.
Badirudi afizionatuen kategoriak sorpresa gehiegi ez dizula ekarri.
Lasai nago, nahiko ondo moldatu naiz. Oraindik denboraldia luzea da nola jarraituko duen ikusteko, baina orain arte gustura nabil.
Europako beste herrialdeetan txirrindulariak azkarrago igotzen dira profesional mailara. Hango lasterketak erritmo askoz ere altuagoan jokatzen dira; txirrindularitza beste modu batean ulertzen dute.
Hemen agian lehiatzeko modua bestelakoa da, lasaiagoa. Kanpora ateratzen zarenean ikusten duzu, Europako beste herrialde batzuekin alderatuta, zein den zure benetako maila. Dena den, ni lasai nago, afizionatuen mailara egokitzen. Gero ikusiko da zer gertatzen den edo nola. Lizartek Frantziako eta Italiako zenbait lasterketetan parte hartuko du, eta saiatuko naiz bide honetatik jarraitzen, kanpora atera eta lasterketa horietara joan ahal izateko.
Zein da gustukoen duzun txirrindularia?
Espainiatik Alejandro Valverde. Sekulako sasoia du. Eta, bestalde, Mathieu van der Poel.
Sare sozialetan nahiko aktiboa zara.
Beno, Instagrama eta halakoak ia egunero begiratzen ditut, batek eta besteak zer igotzen duten ikusteko, eta ni ere ibiltzen naiz. Aritu naizen probak, entrenamenduak eta halakoak igotzen ditut.
Laburbilduz, ze espero duzu urte honetaz?
Hasi den bezala bukatzea, maila onean egotea.