Txirrindularitza

Arrietaren bigarrena; orain Loinaz

Guaixe 2021ko mai. 24a, 11:05
Igor Arrieta, Beasaingo helmugan. Argazkia: Lizarte.

Mandubian erasoa jo eta gero Uharte Arakilgo txirrindularia bakarrik iritsi zen Loinaz Probako Beasaingo helmugara. Igorrek mendiko txapelketa irabazi zuen eta bere taldeak, Lizartek, talde onenaren saria jaso zuen

Aurreko igandean Iturmendiko Trofeoa irabazi eta 6 egunera, afizionatuen mailako bere bigarren garaipena lortu zuen Igor Arrieta Lizarragak (Lizarte) larunbatean Beasainen. Uharte Arakilgo txirrindulariak Loinaz Proban hartu zuen parte, Euskadiko Txirrindularitza Federazioak antolatutako Abiatzen Txapelketarako azken aurreko proba puntuagarria. 

Lasterketa oso mugitua izan zen hasieratik, erritmo oso azkarrekoa, eta 67. kilometroan apurtu zen, Igor Arrietak, Pablo Carrascosak, biak Lizartekoak, Joseba Lopezek (Grupo Eulen) eta Xabier Isasak (Laboral Kutxa) Altzoko jaitsieran aurrera egin zutenean. 79. kilometroan atzetik aurrera egin duten beste 9 txirrindulari batu zitzaizkien, baina Mandubiako igoeran Igor Arrietak erasoa jo zuen, aldea ateratzen hasi eta bakar bakarrik iritsi zen Beasaingo helmugara (2:48:59). 25 segundora atzeko taldetxoa sartu zen, bere taldekide Miquel Delgado eta Unai Iribar (Laboral Kutxa) buruan. Loinaz Proba irabazteaz gain, Igor Arrietak mendiko saria irabazi zuen eta bere taldea, Lizarte, talderik onena izan zen, azken lasterketetan bezala. 

“Azkeneko igoeran nahikoa sufritu dut, baina portu gainera igo eta gero garaipena lortu ahal nuela sentitu dut. Garaipen hau lasterketan talde guztiak izan duen jarreratik jaio da, ihesaldi eta eraso guztietan egon baikara. Orain garaipenaz disfrutatu nahi dut eta egutegiko hurrengo lasterketak prestatu” azaldu zuen Igor Arrietak helmugan. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Ailetz Lasa (laboral Kutxa) 56. sailkatu zen, 2:56ra; Iker Cerviño (Telcom) 61., 4:19ra; eta Andoni Ocaña (Ciclismo Riojano Vegabike) 79., 6:49ra.