Txirrindularitza

Igor Arrietak bere lehen itzulia irabazi du: Volta Castelló

Guaixe 2021ko eka. 7a, 10:00

Itzuliko lau etapetatik bi etapatan garaipena lortu eta gero, atzo maillot horiari eutsi eta merezitako garaipena lortu zuen sakandarrak. Horretaz gain, erregulartasunaren saria eta 20 urtez azpiko txirrindulari onenaren saria jaso zituen

Igor Arrieta Lizarragak afizionatuen mailako etapetako lehendabiziko itzulia irabazi du: Volta a Castelló. Uharte Arakilgo txirrindularia ikusgarri aritu da, eta bere taldeak, Lizartek, sekulako lana egin du proba hasieratik bukaerara kontrolatzeko. Egia esan, sekulako lezioa eman du Lizartek. “Talde guztia bikain aritu da eta Igor Arrieta maila ikusgarrian aritu da. Txirrindulari hauek taldearekiko duten konpromisoa nabarmentzekoa da” adierazi du Lizarte taldeko Jon Armendarizek. 

Igor Arrietak Volta Casatellóko bigarren etapa irabazi zuen ostiralean, Ondan hasi eta bukatu zena (122,6 km), eta lider jarri zen. Larunbateko hirugarren etapa ere irabazi zuen, Grau de Castellónen hasi eta Vistabellan bukatu zena (133 km), Voltako etaparik gogorrena, eta atzo jokatutako azken etapan, Castelló de la Planan hasi eta bukatu zenean (135 km), maillot horiari eutsi zion. Sailkapen orokorrean, 7 segundo atera dizkio Kamiel Bonneuri (Basso Team Flanders) eta 32 segundo Ivan Cobo bere taldekideari (Lizarte). Volta Castelló irabazteaz gain, erregulartasunaren saria eta 20 urtez azpiko onenaren saria jaso zituen Igor Arrietak. 

Igor Arrieta oso kontentu dago lortutakoarekin. “Garaipen oso garrantzitsua da” nabarmendu du. “Uste dut maila ona eman dudala eta eskerrik beroenak eman nahi dizkiot taldeari; taldearen lanari esker liderraren maillota ia ez da arriskuan egon” adierazi du aurten Lizarterekin debutatu duen sakandarrak. Etorkizun oparoa duela galdeginda, ez duela horretaz gehiegi pentsatu nahi aitortu du. “Badakit nitaz eta nire etorkizunaz asko hitz egiten ari dela, baina nik ez dut obsesionatu nahi, ez dut horretaz gehiegi pentsatu nahi. Orain atseden pixka bat hartu nahi dut itzuli hau irabazteak eman didan konfiantzarekin datozen helburuak ongi prestatzeko”.