Telekomunikazioekin lotutako hainbat udal erabaki

Guaixe 2021ko eka. 24a, 12:53
Jendea Aralarko santutegi ondoan Artxuetako antenak lekuko direla. ARTXIBOA

Ordenantza bidez telekomunikazio operadoreek saretzea nola egin behar duten zehaztu du udalak. Baita herri lurretan nola ezarri behar duten.

Uharte Arakilgo Udalaren azken bilkuran telekomunikazioen arloak aparteko garrantzia izan zuen.  Telekomunikazioen arloa herrian arautzeko lerro nagusiak zehaztu ditu Uharte Arakilgo Udalak eta ordenantza batean jaso ditu. Txomin Uharte Baleztena alkateak azaldu duenez, “edozein telekomunikazio operadore edo taldek saretzea nola egin behar duen zehazten du ordenantzak”. 

Horrekin batera, herri lurretan dauden telekomunikazio azpiegiturak araututa gelditu dira. Izan ere, Artxueta mendian antena pila izateaz aparte, Martigarro dermioan ere telekomunikazio antena dago ere. “Orain arte udalak ez zuen araudirik. Honekin egitura antolatu eta txukun jarri nahi dugu, jakin zein dagoen lanean”, azaldu du Uhartek. Alkateak jakinarazi duenez, Toki Administrazio Departamentuarekin eta Guifineten laguntza izan du udalak telekomunikazio operadoreen diagnosia egiteko. “Nor ari den eta nola jakiteko”. Alkateak jakinarazi duenez, emisioen neurketa egitea aurreikusita dute. 

Eta gaineratu du haien asmoa dela “erabiltzaileak arduratzea erabilpen txukuna egiteaz”. Horrekin batera, “ahalik eta egitura gutxien egotea eta daudenak ahalik eta eraginkorrenak izatea. Hau da, azpiegiturak partekatzea eta ahalik eta inpakturik txikiena sortzea”, azpimarratu du alkateak. Aldi berean, Uharte Arakilgo Udalak ardurak eta konpromisoak hartu ditu araudi berrian, azpiegiturak egin behar badira, egiteko. Horrekin batera, ordenantza fiskala ere onartu du udalak, besteak beste, egin beharreko lanak pagatzeko.  

Azkenik, Uharte Arakilgo Udalak Sakanako telekomunikazio sarea herritik pasatzea onartu zuen, horretarako jarraibideak zehaztuz. Aizkorbe eta Etxarri Aranatz lotuko dituen zuntz optikoko sarea zabaltzen ari da Guifinet fundazioa Sakanako Mankomunitatearekin batera.