Mendi lasterketak

Uztailaren 1ean zabalduko da Uharte Arakil-Beriain Km Bertikalean izena emateko epea

Guaixe 2021ko eka. 23a, 12:00
2019ko Uharte Arakil-Beriain Km Bertikalaren irteera.

Aralar Mendi taldeak erabaki du aurten kilometro bertikala antolatuko duela. Irailaren 19an izanen da, eta izena emateari begira adi egiteko gomendioa egin die mendi korrikalariei

Aurten Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala jokatuko dela erabaki du Uharte Arakilgo Aralar Mendi elkarteak. “Urte zail honen ondoren, inoiz baino gogotsuago itzuliko gara eta irailaren 19an Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala antolatuko dugu. Edizio berezia izanen da, eta osasun egoeraren bilakaerara egokitu beharko dugu. Hala ere, ahalik eta lasterketa erakargarriena egiten saiatuko bada, pandemiaren bilakaerak uzten badu auzatearekin, dutxekin…” azaldu dute Aralar Mendi taldekoek. 

200 partaideren muga zehaztu dute, eta izena ematea uztailaren 1ean zabalduko dutela azaldu dute. Horregatik, proban parte hartu nahi dutenei adi egoteko deia egin diete. Informaziorako: uhartearakil-beriain.com.