Eskolako liburutegia liburuz hornitu dute

Guaixe 2021ko uzt. 8a, 11:02

Bi ikasle liburutegia. UTZITAKOA

Liburutegi publikorik ez dagoenez, ikastetxekoa da haurren artean irakurketa sustatzeko bidea.

San Migel eskolak Haur eta Lehen Hezkuntzako zikloak hartzen ditu, hau da, 3 eta 12 urte arteko  ikasleak. Eskolak beheko solairuan liburutegia du. Baina irakasle eta gurasoak jabetuak zeuden titulu gehienak gaztelaniaz zirela. Egoera zuzentzeko, guraso elkarteak joan den urtean euskarazko liburu mordo bat erosi zuen. Erosketak Uharte Arakilgo Udalaren 2.500 euroko dirulaguntza izan du. 

Joan den ikasturtera arte, ikasleek liburutegian bertan egiten zituzten irakurketa saioak. Baina liburu eskaintza zabaldu ondoren, ikasturte honetan irakasleak izan dira liburu sorta bat klasera eraman dutenak. Ikasleek haien gustukoak aukeratu, eta etxera eraman dituzte, han irakurtzeko. Ikasturtean  zehar izan da horrela, baita opor garaian ere. Eskaintza horrekin haurrek liburutegi publikoaren faltari buelta ematen diote eta beti dute eskura zer irakurri. Gainera, ikastetxean, astean behin irakurketa lantzen dute.