Aralarko aingerua haurrei aurkezteko ekitaldirik ez da eginen

Guaixe 2021ko uzt. 8a, 10:00
Umea Aralarko aingerua gurtzen. Argazkia: Nerea Mazkiaran

COVID-19 gaitzak eragindako pandemiagatik, bigarren urtez bertan behera uztea erabaki dute. 

Gauzak ongi, Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradia dagoeneko prestatzen legoke Aralarko Aingeruari Haurren Aurkezpena. Jakinarazia izanen luke zein egunetan izanen litzatekeen (garileko hirugarren igandean, Iruñeko festen ondoren), eta Aralarko santutegiko sakristian izena emateko esku-orriak eskuragarri leudeke. Baita harremanetarako telefonoa eta e-posta helbidea ere. Baina COVID-19ak eragindako pandemiagatik aurkezpena bertan behera uztea erabaki du kofradiak. Erakundearen buru den Jose Mari Ustarrozek azaldu duenez, “espero dugu heldu den urterako dena kontrolpean egongo dela eta inongo arazorik gabe egingo dugula garilaren 17an. Haur guztiak onartuko dira, adinari begiratu gabe”.

Pandemiagatik bigarren urtez jarraian bertan behera gelditu da Aralarko aingerua haurrei aurkezteko ekitaldia, garilaren 18rako aurreikusia zegoena. Egiten den hurrengo edizioa 17.a izanen da, eta orain arte milatik gora haur egin dira Aralarko aingeruaren lagun. Fedea, familia tradizioa, Aralarren bataioa hartu edota ezkondu izana… hainbat arrazoirengatik familia ugarik lotura berezia dute Aralarko santutegiarekin. Elizak araudia aldatu zuen, eta, gaur egun, bataioak norberaren herrian egin behar dira. Horrek sor zezakeen etena bideratzeko asmoz, Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradia haurren aurkezpen ekitaldia antolatzen hasi zen. Ekitaldia igandeko meza nagusian egiten da. Haurrak aingeruari aurkeztu, haurrei hura gurtzeko aukera ematen zaie, eta, akaberan, haurraren izen-abizena duen pergaminoa jasotzen dute. Hartan jasoa gelditzen da txikia Aralarko aingeruaren lagun dela, eta haren bizi guztirako babesa eskatzen da.