Txirrindularitza

Igor Arrieta datorren urtean profesional izanen da

Guaixe 2021ko uzt. 6a, 11:00
Igor Arrieta, Kern Pharmako maillota eskutan duela, Manolo Azcona presidentearekin eta Juanjo Oroz managerrarekin. Argazkia: Kern Pharma.

Uharte arakildarrak Lizarte taldetik sortutako talde profesionalarekin, Kern Pharma taldearekin debutatuko du profesionaletan

Igor Arrieta Lizarragak aurten debutatu du afizionatuen mailan, Lizarte taldearekin, eta datorren urtean profesional izanen da, Lizartetik jaiotako Kern Pharma taldean. Hala azaldu du Kern Pharma talde profesionalak. Jakina denez, Pablo Urtasun da Kern Pharma taldeko kirol zuzendarietako bat eta urdiaindarrak 23 urtez azpiko Espainiako erlojupeko txapelduna den Igor Arrieta izanen du bere esanetara datorren denboraldian. Arrietarekin batera, 23 urtez azpiko Espainiako lineako txapeldun Ivan Cobok ere Kern Pharma taldearekin eginen du salto profesionaletara. Zalantzarik gabe, hau albiste ezin hobea da Uharte Arakilgo txirrindulariarendako. 

“23 urte azpiko bi txapeldunak, Igor Arrieta eta Ivan Cobo 2022an profesional mailara igoko dira gurekin. Lizarten trebatutako beste bi talentu dira, eta hori albiste handia da guretako, ilusio handia egiten diguna” nabarmendu du Kern Pharma taldeak. 

Afizionatuen debut ikusgarria
Igor Arrietak afizionatu mailan debut ikusgarria egin du. Espainiako Koparako puntuagarriak ziren Balentziaga Memorialean bigarren eta Santikutz Klasikoan 3. sailkatu eta gero iritsi zen bere lehen garaipena, maiatzaren 16an, Iturmendiko Trofeoa. Lasterketa aldi berean Nafarroako Errepide Txapelketa zenez, Igor Arrieta Nafarroako txapelduna da. Horren ondotik garaipenak iritsi ziren, bata bestearen atzetik: uharte arakildarra Beasaingo Loinaz lasterketa ezagunean garaile izan zen,  eta segidan bere lehen itzulia irabazi zuen: Volta Castelló. Espainiako Txapelketak begiz jota zituela aipatu zion Guaixeari Arrietak, bere helburu nagusia zirela, eta han ere sekulako lana egin zuen, Espainiako erlojupeko txapelduna baita. 

Kern Pharmarekin profesionaletara salto egingo duela jakin bezain pronto, Igor Arrietak azaldu du argi zuela Lizarten jarraitu nahi zuela. “Hazten jarraitzeko toki egokiena da hau. Txikitatik Lizarte izan dut gustuko, talde honetatik txirrindulari handiak atera direlako. Eta profesionaletara Kern Pharmarekin salto egiteko aukera eman didatenean, nire onena emateko ilusio handia sentitu dut” azaldu du abenduaren 8an 19 urte beteko dituen txirrindulari sakandarrak. 

Lizarteko prentsa arduradunei egindako adierazpenetan Igor Arrietak txirrindulari osoa izan nahi duela nabarmendu du. “Txirrindulari osoa izan nahi dut, erlojupeko onak egiteko trebe izan eta mendian ongi dabilena. Itzuli handietan ona izan nahiko nuke. Orain arte 23 urtez azpikoan aritu naizen bakarrean ongi ibili nintzen –Volta Castelló, uharte arakildarrak irabazitakoa–, baina pentsatzen dut profesional mailan beste kontu bat izango dela”. Gogotsu dago, eta argi du, aldi berean, ikasketekin jarraitu nahi duela. Goi Mailako Mekatronika ikasketak egiten ari da eta aurten eta hurrengoan bukatu nahi ditu ikasketak.