Astekaria

Trail korrikalarien gozamenerako

Maider Betelu Ganboa 2021ko uzt. 12a, 14:14

Uharte Arakilgo Itxesi Gunean aurkeztu zen Sakana Trail Estazioa. Sakanako mendi lasterketetan oinarritutako 5 ibilbide ditu, Euskal Herriko Trail Estazioan sartuta dago eta azken hau Station de Trail nazioarteko sarearen parte denez, bultzada handia jaso du

Uharte Arakilgo Itxesi Guneak zerbitzu berri bat du. Igerilekuei, futbol zelaiari, haurrendako parkeari, merenderoari, jatetxeari eta karabana guneari aurreko ostiralean mustutako Sakanako Trail Estazioa gehitu zaio, igerilekuko aldagela eta komunetan prestatu duten gimnasio txikiarekin batera. Uharte Arakilgo alkate Txomin Huarte Baleztenak aurkeztu zuen egitasmoa. Sakanako Trail Estazioa Aralar mendizerran, Urbasa-Andia Natur Parkea, Ziordia, Olazti, Altsasu, Urdiain, Etxarri Aranatz, Lakuntza eta Uharte Arakil herrietako dermioetatik pasatzen diren 5 ibilbidek osatzen dute. Sakanako Trail Estazioa Euskal Herriko Trail Estazioko parte da, Gipuzkoako Diputazioak hala onartuta, eta Gipuzkoarekin 19 ibilbidetan bat egiten du; beraz, guztira 24 ibilbide dira. Euskal Herriko Estazioa Station de Trail marka frantsesaren barruan dagoenez, horrek are gehiago bultzatu du egitasmoa. 

Aurrekontua
Trail estazio bat running praktikarako egokitutako espazio bat da, hau da, mendian korrika egiteko eremu bat. Beraz, Sakanako Trail Estazioa osatzen duten 5 ibilbide hauek mendian lasterka aritzeko guneak edo ibilbideak dira, zailtasun desberdinetakoak eta segurtasunari begira seinaleztapen eta marka jakina dutenak; hau da, marka konkretu batek homologatuak eta seinale edo baliza espezifikoak dituztenak. Halaber, Uharte Arakilgo Itxesi Gunean erabiltzaileendako harrera gune txiki eta gimnasio txiki batekin osatzen da proiektua. Proiektua Uharte Arakilgo Udalak sustatu du, eta guztira 40.181,68 euroko aurrekontua izan du. %65 Landa Garapenerako 2014-2020 Programak lagundu du, FEADER funts europarraren bidez, eta gainontzeko %35 Nafarroako Gobernuko funtsen bidez. Horretaz gain, Uharteko Udalak zenbait hobekuntza egin ditu, 2.000 euro ingurukoak. 

“Sakanan mendiarekiko zaletasun handia izan da beti. Azken urteetan ere mendi lasterketa ugari antolatzen dira gurean, eta mendian korrika egitea geroz eta ohikoagoa bilakatzen ari da. Bestalde, kirolak turismoan izan duen eragina ukaezina da, mendi lasterketek turismoa erakartzen dutelako. Testuinguru honetan sortu da Sakanako Trail Estazioa, eta ekimenarekin naturarekin harremana duten aisialdi aktibitateak sustatu nahi dira. Ildo berean, bisitariek gure kultur eta natur ondarea era ezberdin batean ezagutzeko aukera izango dute. Pandemia urte honetan, mendia ihesbidea izan da, eta geroz eta jende gehiagok jo du mendira, gure baso inguruetara, gozatzera eta kirola egitera.  Aurkezten duguna beste eskaintza bat da: Sakanako Trail Estazio honek sarrera emango dio trail running praktikarako egokitutako eremu zabalari, mendi korrikalariei egokituta” azaldu zuen egitasmoaren aurkezpenean Txomin Huarte Uharte Arakilgo alkateak. 

Aurrekariak
Proiektua 2017an sortzen hasi zela gaineratu zuen Huartek, Sakanako Plan Estrategikoaren barruan, Sakanako Garapenaren Agentziak eta Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak Sakanan mendi lasterketa antolatzaileen taldeekin –Olatzagutia-Urbasako Sutegi, Lakuntza-Aralarko Zabalarte, Etxarri Aranazko Triku Trail, Uharte Arakil-Beriain Km Bertikaleko Aralar Mendi eta Altsasuko Mendigoizaleak eta Iratxo taldea– egindako bilera deialdi batean. Bilera hartan Sakanan Trail Estazio bat sortzeko aukera baloratu zen. Euskal Herriko Trail Estazioa Station de Trail marka frantsesaren barruan dago, eta aurretik Gipuzkoan bi sarrera zituen, Zegaman eta Abaltzisketan. Sakanako Trail Estazioarekin hirugarren sarrera bat sortzeko aukera sortu zen eta Station de Trail marka frantseseko ordezkariak prozesuan parte hartzen hasi ziren. “Gure mendi taldeek trail estazio honen beharra ikusi zuten, eta inguruko instituzioek behar hori jasotzen eta garatzen jakin zuten. Halaxe sortu da Sakanako Trail Estazioa eta Itxesi Guneko harrera gune honek gure lurraldea irekitzen du eta saretzen du, Euskal Herriko beste trail estazioekin batera, gure mendia zeharkatu nahi duen edonori hirugarren sarbidea eskainiz” eskertu zuen Txomin Huartek. 

Hasieran, hainbat ibilbide posible planteatu ziren, 11 inguru. Azkenean, bost aukeratu ziren, hain zuzen ere Olatzagutia-Urbasa, Etxarri Aranazko Triku Trail, Lakuntza-Aralar eta Uharte Arakil-Beriain Km Bertikal lasterketetako eta Hiru Mendizerra probako trazatuetan oinarrituta daudenak, baina ibilbideei zenbait aldaketa egin zaizkie, natur guneak babesteko. Egun 5 ibilbide dira, baina egitasmo irekia dela nabarmendu zuen Uharte Arakilgo alkateak, hau da, beste ibilbide batzuk jasotzeko zabalik daudela. Nabarmendu zuen ibilbide horietako batzuk babes bereziko natur guneetatik pasatzen direla. “Beraz, errespetuz ibili eta ingurunea zaindu beharko dugu, guztion ardura delako. Goza dezagun inguruaz, ziurtasunez, eta etorkizunari begira, errespetuz” nabarmendu zuen. 

Hemengo altxorrak nabarmendu
Sakanako Mankomunitateko presidente David Oroz Alonsok Sakanan turismo jasangarria sustatu nahi dela adierazi zuen. “Hemengo altxorrak nabarmendu nahi ditugu, balioan jarri, modu jasangarrian eta naturarekiko errespetuan oinarrituta. Orain dagokiguna da Sakanako Trail Estazioari oihartzuna ematea eta egindako lanaz gozatzea” opa zuen. Halaber, Sakanako Trail Estazioaren proiektuak Sakanak dituen ezaugarri askorekin bat egiten duela nabarmendu zuen, “behetik gora eraiki delako, mendi taldeekin, urtetan mendi ibilbide hauek sustatu dituztenekin”, eta auzolanean egindako proiektua” zela azpimarratu zuen, “jende askoren lanari esker posible izan den proiektua, horrek ematen dion balore erantsiarekin”, eta horregatik eskerrik beroenak eman zizkien Uharte Arakilgo Udalari, Mankomunitateko Kirol Zerbitzuari, Sakanako Garapen Agentziari eta Sakanako mendi taldeei “urteak daramatzatelako inguruan dugunari balioa ematen”.  

Segidan Sakanako mendizale taldeetako ordezkariak igo ziren oholtzara: Fermin Zornoza (Olaztiko Sutegi), Patxi Rubio (Aralar Mendi), Iñaki Mauleon (Triku Trail) eta Andres Bengoetxea eta Txema Morcillo (Altsasuko Mendigoizaleak). Guztiek Sakanako ibilbideak markatu izanaren garrantzia nabarmendu zuten, eta “gure ingurua ezagutarazteko tresna paregabea direla” azaldu zuen Zornozak. Rubiok gaineratu zuen gure ingurunea modu seguruan ezagutzeko aukera eskainiko duela trail estazioak, “ibilbideko trackei eta atzean dagoen azpiegitura guztiari esker”. Mauleonek aipatu zuen oso pozik daudela gure ibilbideak Sakanako Trail Estazioan egoteagatik, “horrek gure txokoak eta bazterrak Euskal Herrian eta Europan ezagutaraziko dituelako”. Eta Bengoetxeak gaineratu zuen trail estazioak mendizale gehiago erakarriko dituela gure txokoetara. 

Aipatutakoez gain, beste hainbat ordezkari bildu ziren Itxesi Gunean, Sakanako Trail Estazioaren aurkezpenean: Nafarroako Kirolaren Institutuko Ramon Santesteban, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Plangintza eta Kudeaketako unitateko buru Xabier Elizegi, Trail Estazioetako ordezkari Miren Arrigain, Etxarri Aranazko alkate Silvia Marañon, Uharte Arakilgo zinegotzi Amagoia Betelu eta Julen Martiarena, Bidelagun elkarteko Alfonso Nuin, Cederna Garalurko kudeatzaile Ibon Memetza, Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitia eta abar. Ekitaldia bukatuta, bildutakoek Itxesi Guneko parkea, merenderoa, autokarabana gunea –15-16 ibilgailurendako tokia du eta harrera bikaina du–, igerilekuak, gimnasio txikia eta beste bisitatu zituzten, eta bukaeran Dastatu Sakana eskualdeko ekoizpen jasangarriak eta tokiko elikagaien kontsumoa bulkatzeko elkarteko produktu bikainekin prestatutako auzateaz gozatu zuten. 

APPa deskargatzeko eskaera
Sakanako Trail Estazioa erabiliko duten mendi korrikalarien edo mendizaleen segurtasuna bermatzeko telefono mugikorretarako ‘Station de trail’ izeneko APPa deskargatzea ezinbestekoa dela nabarmendu zuen Txomin Huartek, edo, bestela, ibilbidearen tracka deskargatzea, ondoko webgunetik: https://stationdetrail.com/es/stations/pais-vasco-gipuzkoa-sakana/parcours. Ibilbideak balizekin seinaleztatuta daude eta bakoitzak bere zenbakia du markatuta, 30etik 34era, eta zailtasunaren araberako kolorea: beltza, gorria, urdina edo berdea. 

Sakanako Trail Estazioko 5 ibilbideak
-Beriain Km Bertikala: 30 zenbakidun ibilbidea da. Beltzez markatuta, duen zailtasun handiarengatik. 5,2 km eta 990 metroko desnibela du, eta Sakanako Trail Estazioan abiatzen da. 
-Triku Trail: 31 zenbakidun ibilbidea, urdinez markatua. 19,5 km eta 1.217 metroko desnibela du eta Etxarriko kanpinetik abiatzen da.
-Olazti-Urbasa Trail: 32 zenbakidun ibilbidea da, gorriz markatutakoa, 23 km eta 1.014 metroko desnibela duena. Erburua kiroldegitik abiatzen da.
-Lakuntza-Aralar: 33 zenbakidun ibilbidea da, gorriz markatutakoa, 25,4 km eta 1.102 metroko desnibela duena eta plazan abiatzen dena.
-Hiru Mendi Zerrak: 34 zenbakidun ibilbidea, beltzez markatutakoa, 46,5 km eta 2.138 metroko desnibela duena eta Altsasuko Foru plazan abiatzen dena.