Txirrindularitza

Igor Arrieta, oso ongi Giro Valle d'Aostan

Guaixe 2021ko uzt. 19a, 10:21
Igor Arrieta oso ongi ibili zen Alpeetako Cervinoko etapan. LIZARTE.

Uharte Arakildarra sailkapen orokorreko hamaseigarren postuan sailkatu da eta Alpeetako Cervinoko etapan hamabigarren izan zen

Lizarte taldeak Italiako Giro Valle d´Aosta itzuli ezagunean hartu du parte. Italiakoa lasterketa gogorra da, eta bertan Europako 23 urtez azpiko txirrindulari onenak lehiatu dira. Ikusgarriak izan dira gainditu behar izan dituzten etapa, mendi eta igoerak. Igor Arrieta izan da Jon Armendarizek zuzendutako Lizarte taldearekin Giro Valle d´Aostan aritu denetako bat. Uhartearrak maila bikaina eman du, ihesaldietan sartu da eta igoera garrantzitsuetan ere aurrean egon da. Esaterako, larunbateko Alpeetako etapa gogorrean, Cervino portu ezaguna tarteko, hamabigarren sailkatu zen Arrieta, sekulako igoera egin eta gero. 

Sailkapen orokorrean hamaseigarren postuan sailkatu da Arrieta, Reuben Thompson garailetik (Groupama-FDJ) 15:28 minutura, eta sailkapeneko Lizarte taldeko lehen txirrindularia izan da.