Oinezkoek lehentasuna izanen duten espazioa

Guaixe 2021ko uzt. 29a, 09:32

Erreka kalearen ikuspegia San Joan kaletik.

Uharte Arakilgo Udalak Erreka kaleko lanak zirriborratu du. Udaletxe eta San Joan plazak batuko lituzke, oinezkoei leku gehiago emanez. Uhartearrekin definitu nahi du kalea eta espazio hori udalak. Izan ere, proiektua idazteko dago oraindik.

Uharte Arakilgo Udalak Erreka kaleko hornikuntza, saneamendu, euri ur eta zerbitzuen kanalizazio  sareen eta zoladura berrituko ditu. Obren proiektua idazteko eta zuzendaritza fakultatiboa egiteko zerbitzua kontratatzeko, bai eta obra horien segurtasun eta osasun arloak koordinatzeko deialdia egin du Uharte Arakilgo Udalak. Lan horiek bere gain hartzen dituenak 49.840,24 (BEZ kanpo) euro jasoko ditu haien truke. 

Geltoki kalearen eta Erdi Aroko zubiaren artean 325 bat metro luzera du Erreka kaleak. Lanen eraginez Uharte Arakilgo Alde Zaharra egituratzen duen kale nagusiaren urbanizazioa guztiz aldatuko da. Txomin Uharte Baleztena alkateak azaldu duenez, “lanen memoriak irailaren 23rako egina egon behar du. Ordurako uhartearren ekarpenak jaso nahi ditugu. Baina ez ‘nire etxe parea horrela nahi dut’. Baizik eta kale guztia kontuan hartuko dutenak. Jendeak iritzia emateko modua bilatuko dugu”. Erabakitzekoen artean, besteak beste, kale guztia maila berean egon beharko lukeen, koskadun espaloia egin behar den, ibilgailuen aparkalekuak non eta nola jarri… Erreka kalea urbanizatuko den lehena izanen da, eta, beraz, gainontzeko kaleen urbanizazioetarako eredu bihurtu daiteke. 

Oinezkoak 
Erreka kaleak udaletxea, eliza, plaza eta establezimendu batzuk hartzen ditu. Hori kontutan izanda, udalean aztertzen ari dira udaletxe eta San Joan plazen artean espazio jarrai bat sortzea eta hor oinezkoek lehentasuna izatea. Horrek Erreka kalearen 60 bat metrori eraginen lioke. Espazio hori eta kalearen gainontzeko zatia bereizteko konponbidea izan daiteke batean eta bestean lurrean material desberdinak jartzea. 

Uhartek gogorarazi duenez, “San Joan plazari buruzko parte hartze prozesua egin zen eta parte hartu zutenek proposatu zuten frontoia, eskola eta plaza hartuko zuen espazio bat sortzea, oinezkoek lehentasuna izanen luketena, eta haurrek kezkarik gabe ibiltzeko aukera luketeena”. Bestalde, lege aldaketa ere indarrean sartu da eta ibilgailuek herriguneetan gehienez ere 30 km orduko abiadura har dezakete. 

Sareak 
Kalearen izenak berak adierazten duen moduan, bertatik Itxesi erreka pasatzen da, lurpetik kanalizatuta. “Azaleko” lurperatzea da. Lanak egitean, kanalizazioaren goiko aldea berrituko dute. Gainera, errekaren presentziak ez du sareen harguneak kalearen alde batetik bestera pasatzen utziko, eta, geroz, kaleko sareak eta kanalizazioak berritzean bikoiztu egin beharko dira, errekaren alde banatan jarriz. 

Ur eta saneamendu sareak 60 urte baino gehiago ditu. Ur-hodiak mikrozementuzkoak dira eta harguneak berunezkoak. Hainbatetan ur ihesak izaten dira. Egungoen ordez, fundizioko hodiak jarriko dituzte, suteetarako-harguneak jarriko dituzte eta etxeen parean, erregistroak. Saneamendu sarea berritzeko PVCzko hodiak erabiliko dituzte. Mantentze egokia egiteko putzu gutxi dituenez, gehiago eginen dira. Bestetik, euri urak kanalizatutako errekara eramanen dituzte, bai teilatuetakoa. Argindar, telekomunikazioko eta argiteria publikoko lineak etxeetako fatxadetan daude gaur egun. Etorkizunean, berriz, lurpetik pasako dira, horretarako kanalizazioak eginen baitira.