COVID-19 gaitzak eragindako osasun larrialdi egoerak okerrera egiten ez badu behintzat, Aralar Mendi elkarteko kideen asmoa da aurten Artzain Eguna antolatzea. Hala ere, jakinarazi dute. Joan den urteko etenaren ondoren, elkartekideek aurten pandemia egoerari moldatutako Artzain Eguna antolatuko dute. Bakar bakarrik bi ekitaldi izanen dira egitarauan. Batetik, Nafarroako ardi latxen esne gordinarekin egindako gazten lehiaketa, 40. edizioa duena. Hori, 10:30etik 14:30era, Larrabieta frontoian izanen da. Han epaileak gaztak dastatzen ikusteko aukera izanen da. Frontoian, bestalde, artzainek beraien postuak jarri eta gazta salduko dute. COVID-19 gaitza ez zabaltzeko neurriak indarrean izanen dira uneoro Larrabietan. Horregatik, Aralar Mendi elkarteko kideek sarrerak eta irteerak kontrolatuko dituzte, edukiera muga egonen delako.
Bestetik, Nafarroako artzain txakurren 53. lehiaketa jokatuko da, ohi bezala, 17:00etan, Geinberako zelaian. Kalean eginen den jarduera da, baina ikusleen edukiera ere mugatu eginen du elkarteak, 800 ikuslek zuzenean ikusi ahalko dute artzain txakurren trebezia. Jakina, hori guztia, pandemiari aurre egiteko osasun neurriak aldatzen ez badira.