Igandean herri kirol jaialdia hartu zuen Etxalarrek, eta tartean Nafarroako Hirugarren Mailako Aizkora kanporaketa jokatu zen. Zazpi aizkolari lehiatu ziren guztira, eta lehenengo bostek lortu zuten irailaren 11n Beran jokatuko den finalerako txartela, Iker Gorriti uharte arakildarrak tartean.
Aizkolariek bi kanaerdiko erdibitu behar izan zituzten eta lanak egiten azkarrena Navarredako Victor Suarez madrildarra izan zen (5:36.12). Haren atzetik sailkatu ziren Endika Goia beratarra (5:57.12), Iker Gorriti uharte arakildarra (6:24.39), Iosu Santamaria iturgoiendarra (6:25.99) eta Jacinto Etxekonanea beintza-labaiendarra (6:58.53). Bostek txapelketako final handia jokatuko dute, irailaren 11n, Beran. Aritz Oiarbide (8:12.59) eta Ioan Goikoetxea(14:10.02) etxarriarrak finaletik kanpo geratu ziren.