Artzain eguna, bueltan

Guaixe 2021ko abu. 31a, 09:46
Artzain Eguna gazta txapelketako saritu guztien talde argazkia. MIREN ARREGI

Indarrean dauden osasun arauetara egokitutako Artzain Eguna antolatu zuen Aralar Mendi elkarteak. 

Pandemia garaira egokitutako Artzain Eguna hartu zuen Uharte Arakilek atzo, 53. edizioa hain zuzen ere. Artzaintza gorestea helburua duen hitzorduko bi lehiaketa nagusiak mantendu zituen Aralar Mendi elkarte antolatzaileak: gazta txapelketa eta artzain txakurren txapelketa. Aurrenaren 40. aldia goizean jokatu zen Larrabieta frontoian. Sei mahaitan banatutako 24 epaileek lehiara aurkeztutako 23 gazta dastatu zituzten. Urdazubiko Etxalekua gaztandegiak jantzi zuen txapela. Lehen hamabi sailkatuen artean Sakanako hiru gaztandegi zeuden: 6. Albi, 10. Balda Artola eta 12. Patxi Amillano. 

Uhartera joan ziren bisitariek epaileak lanean ikusteko aukera izan zuten frontoiko harmailetatik. Edukiera muga jarri zuen elkarteak, 75 pertsona gehienez ere, baina ez zen inolako arazorik izan eta jendea sartu-irten ibili zen. Kanpoko aldean, berriz, artzainak beraien gaztak saltzen egon ziren. 

Geinbera zelaiak LIII. Nafarroako artzain-txakur txapelketa hartu zuen arratsaldean. Sei artzainek parte hartu zuten zazpi txakurrekin. Lehen kanporaketa proba jokatuta hiru artzain izan ziren finalera pasa zirenak: Jesus Razkin, Aritz Ganboa eta Jorge Oteiza. Bigarren proban artaldea sarean sartzea azken biek lortu zuten, baina Oronozko artzainaren Lagun txakurrak lanak lehenago despeditu zituen eta horrek eman zion txapela. Uharte Arakilen Oteizak lortu duen hirugarrena, 2001ean eta 2002an ere txapeldun izan baitzen. Arbazuarrak bigarren postuaz aparte jantzi onenaren artzainaren saria eskuratu zuen. Bai Oteizak bai Ganboak Nafarroa ordezkatuko dute Euskal Herriko txapelketan, Garain, irailaren 17an. 

Bide batez, Aralar Mendi elkarteak atzoko eguna baliatu zuen Joxe Mari Ixtilart omentzeko. Urtetean artzain txakurren lehiaketetan aritutako Amaiurko artzaina hil egin da eta haren familiak antolakuntzaren oparia hartu zuen. 

Erlazionatuak