Udalak balorazio txostena jendaurrean jarri du

Guaixe 2021ko ira. 22a, 14:08
Erreka kalearen ikuspegia.

Udalak onartu duen dokumentu horren bidez herriko ondasun higiezin bakoitzari balio bat ematen zaio, haren bidez zehazten da zergetan zenbat ordaindu behar duten jabeek. Jendaurrean lastailaren 7ra arte egonen da, www.uhartearakil.com webgunean eta udaletxean kontsultatu daiteke

Bost urtero berritu behar dira herrietako balorazio txostenak, hala jasoa dago legedian. Dokumentu horren bidez udalek herriko lur eta eraikin bakoitzari balio bat ematen diote. Horretarako, metodo eta parametro teknikoak zehazten dira. Balorazio Txostena egin ondoren Nafarroako Gobernuko Ogasunak ondasun higiezin bakoitzaren balioa zein den kalkulatu du. Balorazio txostena egiteko, Uharte Arakilgo Udalak udalerria lau zerga eremutan banatu du: Alde Zaharra, Etxebizitza atxikiak dituzten bizitegi eremuak, industria jarduerako eremuak eta herrigunetik kanpo dauden eraikinak. 

Uharte Arakilgo Udalak herriko balorazio txostena egin du, aurrekoa 2005eko abenduaren 29koa baita; beraz, legeak ezarritako bost urteko epea gainditu da. Txomin Uharte Baleztenak jakinarazi duenez, aldaketarako beste arrazoiak dira: “lurraren erabilera eta aprobetxamendu baldintzetan aldaketak izan direla eta dauden katastroko balioak egungo errealitatearekin bat ez datozela”. Alkateak azaldu duenez, “txostenaren zatirik handiena Nafarroako Gobernuak egina du, oso araututa dago”

Uhartek gogorarazi duenez, “aurreko txostena eraikuntzaren boom betean egin zen eta lurren eta eraikinen balioak altu xamar zeuden”. Berria egiterakoan “lur eta eraikinen artean zegoen aldea orekatu egin da. Eta tasak eguneratu egin dira. Aldatu direnak herritik kanpo dauden lur eta eraikinenak, baserrienak dira; igo egin dira oso baxu baloratuta zeudelako”.