Erreka kalean bizi da Amparo. Gaur egun Mendinueta harategia hartzen duen etxean bizi zen sutea gertatu zenean, beraz, erre ziren etxe ilaren pare parean.
Non hasi zen sua?
Orain bizitzen naizen etxean, lehen hemen okindegia zegoen, eta hemendik zabaldu zen sua. Okinak etxe ilarako izkinako etxebizitzan bizi ziren, baina pasabide bat zuten eta hau okindegia zen. Hemen piztu zen sua. Haiek lanean ariko ziren eta ez ziren konturatuko erretzen ari zela. Okindegiaren aldameneko etxea ez, hurrengoa, altuagoa zen, eta ttonttorrean agertu zen sua.
Nola izan zenuen suaren berri?
Sekulako hego haizea zebilen. Balkoia erabat itxi gabe zuen amak. Ez zuen ongi lo egiten, argia ikusi, altxatu eta sua ikusi zuen. Belarrez beteta zegoen safeia momentu batean guztiz erre zen. Amak guztiok esnatu gintuen: sua dagoela! Guztiok altxatu ginen. Anaiak pantaloia jartzen zuela, ahizpok jantzita genuen arroparekin, kamisoiarekin-edo, horrela atera ginen.
Zer egin zenuten?
Nire ahizpa kalean beherantz atera zen lasterka, ni gorantz. Felipe Gorriti kalerantz jo genuen sua-sua garraxika. Kalean ez zen inor ikusten. Lasterka etorri ginen. Jendea berehala atera zen kalera. Ez dut gogoratzen su ezkilarik jo ote zuten. Beste kaletik bueltatzean Mendikoa kaleko etxe bateko teilatu bat nola erortzen zen ikusi nuen. Hura guztia suz beteta zegoen. Suak indar handia zuen.
Nolakoa zen sutea?
Minututan ez, segundotan zabaldu zen sua bi etxe ilaratan. Orduko etxeetan ezkaratza, sukaldea eta estrabia zeuden behean. Gainean, gelak eta ganboikoa. Azken horretara igo eta aurreragoko etxea ere ikusten zenuen, etxeen arteko erdibitzaileak ohol batzuk zirelako. Tarteak zeuden eta batetik bestera pasa zintezkeen. Teilatua behera egin zuenerako safeian zegoena erreta egonen zen, bestela ez da hain azkar erortzen teiladura bat. Ezin zen sartu. Etxe ilara hau horrela erre zen eta, hurrengoan, gauza bera. Oso azkar. Suteak ez zuen bizpahiru ordu iraun, denbora tarte txikian izan zen dena. Etxeak egurrezkoak ziren, eta berehala hartzen zuten su. Erreka kalean bi etxe ilara erre ziren eta Mendikoan ere. Ondoren ubeldea dago eta, esan zutenez, garrak ibaiaren bestalderaino pasa ziren. Hego haizeak zuen indar handiarengatik. Eromena zen. Bero beldurgarria egiten zuen.
Eta jendea kalera atera zen.
Batzuek zutenarekin besterik ezin izan zuten etxetik atera, hain azkar izan zen dena; ez zuten aukerarik izan. Jende askok erretzen ari ziren etxeetatik ez zuen inolako arroparik ateratzeko aukerarik izan. Nik ez nuen ikusi, baina batzuek etxetatik pertsonak eta azienda aterako zituzten. Ez dut ordua gogoratzen. Gauez zela. Ikaragarria izan zen.
Parean bizita, zuen etxearekin kezkatuta zeundeten?
Hegoak mendebalderantz jotzen du. Baina garrak hain handiak zirenez kalearen bestalderaino iristen ziren. Eta beste etxe ilarak hartuko zuen beldurrez egon ginen. Badaezpada ura bota zieten sutearen pareko etxeei, suak har ez zitzan. Suhiltzaileak etorri ziren. Udalak ere punpa zuen. Etxearekin kezkatuta geunden, baina besteak laguntzeko kezka ere bagenuen. Nahasmena zegoen, baina herriko jende guztiak ahal zuen guztia lagundu zuen.
Aldameneko herrietatik jendea etorri zen?
Bai. Garrak ikusten ziren… Irintarrak etorri zirela uste dut. Jendeak ahalegin guztia egin zuen.
Gau hartan lo gehiago egin zenuen?
Kia, ezta goatzera sartu ere. Uste dut inor ez ginela gau hartan goatzera berriro sartu. Guztiak pixka bat ikaratuta geunden.
Etxerik gabe gelditu zirenak nora jo zuten?
Libre zeuden etxeak zeudenez, hara joan ziren. Kalean ez zen inor ere gelditu. Egunen batean senideren batekin egonen ziren, baina gero hutsik zeuden etxeetara joan ziren. Han bizi izan ziren etxe berriak egin arte. Guk gurean ez genuen inor hartu.
Hurrengo egunean zer ikusten zenuen etxetik?
Hondamendia zen hura guztia. Etxeetako paretak ez ziren erori, gerora, pareta guztiak bota zituzten, arriskuagatik edo. Jendea laguntzera joaten zen. Habeak-eta jaso zituzten beste norabait eramateko. Etxeak ikustera ohituta, parean ezer ez, eta ia Arruazuraino ikusten zen. Dena libre gelditu zen eta baserriak ikusten genituen. Ondoren kontratista bat etorri eta etxeak egin zituen. Ez dakit noiz hasi ziren eraikitzen.
Artzain Egunaren lehen edizioaren bezperan izan zen, antolakuntzan ari zinen?
Bai, sutea larunbatetik iganderako gauean izan zen, igande goizaldean. Egun hartan ospatu behar zen estreinakoz Artzain Eguna, baina, automatikoki, bertan behera gelditu zen. Urteak eman zituzten ospatu gabe. Gerora Aralar Mendi elkartea sortu zen eta hark hartu zuen lekukoa.