Uharte Arakilgo sutearen 60. urteurrena

“Hiru bat urte egon ginen besteen etxeetan bizitzen”

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko ira. 20a, 14:50

Rosa Mari Martiarena Gorriti etxe parean.

Suak Uharte Arakilgo 20 etxe txikitu zituen 1961eko irailaren 17ko gau hartan 16 urte zituen Rosa Mari Martiarena Gorriti. Txirkillo etxeko alabak “indargabe” ikusi zuen garrek nola erre zuten sortetxea.

Erreka kalean, zaharra zegoen ia toki berean, Txirkillo etxe berritua jaso zuten. Han hartu gaitu Martiarenak, eta berarendako eta herriarendako hain adierazgarria den egun hartan bizitakoa kontatu du. 

Suteak erretako etxe batean bizi zinen? 
Bai. Oraingo etxearen toki berean zegoen, metro pare bat beherago. Etxe ilarako lehena da, izkina egiten. Etxe berria egin zutenean atzean tokia utzi zuten. Denak abeltzainak ginenez, estrabiak egin ziren. Gure estrabian etxearena zen ertza zegoen. 

Non hasi zen sua? 
Pixka bat gorago okindegia zegoen. Ogia egiten ari ziren. Sua egurrarekin egiten zuten. Izugarrizko hego haize eguna zen. Su bizia-edo eginen zuten, txispak atera ziren. Orduan etxeak ez zeuden erabat itxita. Safeiak zabalik zeuden. Txispa bat etxe batean sartu zen. Sartu zen safeian ez zuten bazkarik pilaturik. Su hartu zuen. Etxe guztiak egurrezkoak, safeietako etxeen arteko banatzaileak egurrezko oholak ziren (etxe batetik bestera pasa zitekeen jendea), aziendarako belarrez eta agotzaz, bazkaz beteta… Papera bezala erre ziren. 

Hego haize bizia zebilenez, eta haizea mendebalderantz jotzen zuenez, gar bat Mendikoa kalea zeharkatu zuen eta hango etxeak erretzen hasi ziren. Haiek ere egurrezkoak eta bazkaz goraino. Jende askok ez zekien sutan zeudenik.

Nola izan zenuen suaren berri?
Sua, sua, sua entzun nuen. Antza mus jokalariren bat zen. Hor atzean (Mendikoan) denda eta taberna zen Zibile itxe zegoen eta hango andrearekin musean jolastera asko joaten ziren. Eta berandura arte zeuden, larunbata zenez, presarik ez zegoelako. Kalean zeudela, ikusi zuten nola piztu zen sua, eta garraxika hasi ziren. Segur aski ezkilak joko zituzten, ta-ta-ta-ta-ta presaka jotzen da sutea dagoela esateko. 

Oihu haiek esnatuta, zer egin zenuen?
Leihora joan eta ez nuen ezer ikusten, bi etxe ilaren arteko tartera ematen zuelako nire gelak. Kalera atera eta sute hasi berria ikusi nuen, lehenengo etxeak erretzen hasiak ziren. Begira gelditu nintzen, baina indar ikaragarriarekin aurrera egiten zuela ikusi eta pentsatu nuen: “hau etxera iritsiko da”. Etxera lasterkan etorri nintzen. Gurasoak ordurako esnatuta zeuden. Baina ama tontotuta, geldirik gelditu zen, ezin ezer egin. Anaia txikiak altxatu eta etxetik atera nituen. Senide batzuen etxera eraman nituen, eta lasterkan bueltatu nintzen. Neska gaztea izanda, beste gauza batzuetan pentsatzen duzu, eta nire arropen bila joan nintzen. Armairua zabaldu eta guztia hartu, atera eta lasterka parean bizi zen izebaren etxera eraman nituen. Hura ere etorri zen laguntzera, eta zerbait ateratzen lagundu zigun. Atzera bueltatu nintzenerako gora ezin zen igo, safeia erretzen ari zen. Jaitsi behar, eta behean sukaldetik zerbait atera genuen. Baina ez zigun ezertarako betarik eman. Oso azkar izan zen. Ezin izan genuen ezer egin. Ondoren, parean gelditu nintzen etxea nola erretzen zen ikusten. Indargabe. Dena erre zen. Ilusioz nuen lehen ikasketa ziurtagiria, baina horretaz guztiz ahaztuta nengoen. Gainera, ez zen betarik egon. 

Kalera atera zinenetik zure etxeak su hartu arte zenbat denbora pasa zen? 
Gutxi, hamar-hamabost minutu? Ez gehiago. 

Jende gehiago egonen zen kalean, ezta? 
Bai. Jende guztiak kalean, begira. Kalea suhiltzaileen mahukez beteta zegoen. Garrekin gaua baino eguna zirudien. Eta denak pentsatzen: Erreka kalearen bestaldeko etxeak ez daitezela erre! Txispak bazter guztietatik zebiltzan. Batek esan didanez, apaizak neska-mutikoak elizara eraman zituen errezatzera. Nik ez dut gogoratzen, nuenarekin nahikoa nuen. 

Sua itzaltzen ahalegindu zineten? 
Suhiltzaileak etorri bitartean, hasieran herriko punparekin hasi omen ziren. Nahikoa handia zen. Baina, ezer ez; ur pitxera baten pare zen. Suhiltzaileak berehala iritsi ziren. Montona zeuden. Eta sirenak. Denbora askoan sirena entzun eta daldalketan hasten nintzen. Batzuk sua itzaltzen aritu ziren eta beste batzuk prebentzio lanetan. Horregatik, Erreka kalean erretzen ari ziren etxeen parekoetara ura bota zuten. Odorrak erortzen zirenean sugarrak kalearen bestaldeko odorretaraino joaten ziren. Suhiltzaileak pareko etxetako paretak bustitzen aritu ziren, ez zezaten su hartu, arrisku handia baitzuten. Haize handia zebilen, txispak non nahi zeuden. 

Bestalde, Mendikoa kalean tarteka bizi zen bikote bat zegoen. Egun hartan herrian zeuden. Gizonak kamioi handia zuen eta erregairen bat eramaten zuen. Ez dakit gizon hura nola atera zen. Behean bizi ziren. Kalea garrak hartuta zegoen. Eta kamioia atera zuen. Ez badu ateratzen, buah! 

Beste herrietatik jendea etorri zen? 
Bai. Festetan baino jende gehiago zegoen, ikusten. Ezin zen ezer egin. Eta egunetara ere ikustera etorri ziren. 

Zorionez ez zen hildakorik izan. 
Eta hori zeudela umeak, adinduak, familia ugariak… Familia gehienak ugariak ginen. 

Etxean azienda zenuten? 
Oso gutxi. Txerriak, oiloak, untxiak, behia eta idiak. Behi hura atera zuten, gainontzekoak, zorionez, mendian zeuden. 

Egun hartan lo egiterik izan zenuen? 
Ez. Aste bat-edo senideen etxeetan banatuta egon ginen. Pisu bat utzi ziguten eta hara joan ginen familiako bederatziak bizitzera. Gainontzeko kaltetuak ere antzeko ibili ziren, batean edo bestean kokatu ginen. 

Zenbat denbora eman zenuten pisuan? 
Pisuan urteren bat eman genuen eta, ondoren, etxe berria egin zuten senide batzuen etxera pasa ginen. Hiru bat urte egon ginen besteen etxeetan bizitzen. 

Bitartean etxeak eginen ziren. 
Lehenik hondakinak kendu zituzten. Ondoren kaltetuak ordezkatzen zituen batzordea osatu zen, denak batera toki guztietan ez aritzeko. Ados jarri eta eraikitzen hasi zirenerako denbora pasa zen. 

Beste etxetik zurea zen etxera etortzean, zer ikuste zen? 
Gurea izkinan zegoenez, aurreko aldea urak asko hondatu zuen. Baina gauza batzuk ez ziren erre. Teilatuak lurrean eta paretak zutik zeuden. Oso gutxi egon zen horrela. Suhiltzaileek lana despeditzeko bizpahiru egun ziren, erretzez guztiz bukatu arte. Ke asko ateratzen zen ondorengo egunetan. Gure etxearen aurreko aldean jangela genuen eta han ontziak gordetzeko altzaria genuen. Nik han erosi nuen aurreneko erlojua gordea nuen. Suhiltzaile bat handik zebilen eta erlojuarena aipatu eta atera egin zidan. Funtzionatzen zuen! 

Sutea bukatu ondoren, zer? 
Ejertzitokoak, soldaduskan ari ziren soldaduak etorri ziren, tartean goñedua izanen zena. Pareta guztiak bota zituzten, oso hondatuta zeudelako. Eta hondakinak kendu zituzten eta Enizko zuloan bota zuten (hilerritik ekialdera). Guztia garbi gelditu zen. Harlanduzko arkuak zituzten etxeak zeuden erretakoen artean. Depositario etxekoek harrizko balkoiak zituzten. Pena ematen dit hura guztia bota izana. 

Zenbat denbora egon zen hau garbi? 
Nola egin adostu arte… Nahikoa denbora. Etxe guztiek ez zuten tamaina bera, handiagoak, txikiagoak zeuden. Batzuk egiteko konforme zeuden, beste batzuk agian ez hainbeste… Adostasuna  lortzea kostatu zen. Etxebizitzako Francisco Franco patronatuarekin egin ziren etxeak. Etxebizitza txikiak eta handiak eraiki ziren. Atzeko paretan lurzorua utzi zuten eta denak abeltzainak ginenez, estrabiak egin genituen: behean azienda eta goian haiendako bazka. Sutearen aurretik Zibilen itxe ondoan plaza bat zegoen, espazio handia. Etxea orduan ibaitik gertuago zegoen. Etxeak herrira gerturatu eta akabo plaza. 

Zenbat denbora pasa zen etxe berrira bizitzera etorri arte? 
Hiru bat urte. 

Etxeak mustutzeko zerbait egin zen?
Bai. Diputaziotik etorri ziren. Dantzaldia egin zen. Gure bajeran jarri zuten dantzaldia. Hona etorrita, bizitza berria hastera. 

Eta zer moduz bizi berri hori? 
Ongi. 

Artzain Egunaren lehen edizioaren bezperan izan zen, antolakuntzan ari zinen? 
Bezperan dena ilusioz prestatzen eta gero… Ez nengoen antolakuntzan, baina hurrengo egunerako arropa prestatzen nengoen, kar, kar, kar. Gero hainbat urtez egin gabe egon zen.