Gorritiren etxea, Urdin, ez zen izan erre zen etxeetako bat, Felipe Gorriti kalean bizi baita. Baina sua bertatik bertara ikusteko aukera izan zuen. Elkarrizketaren akaberan haren lehengusu Joxe Mari Olasagarre Ollakarizketa elkartu da.
Noiz izan zen sutea?
Gauez. Ez dakit zer ordu izanen zen, 03:00ak edo 04:00ak, halakoren bat. Nire anaia ordu erdi lehenago etorri zen goatzera; taberna bat bazegoen, Zibilen itxe. Guainerakoan esnaturik egonen zen, lo egin gabe, segur aski. Hogei urte zituen orduan anaia zaharrak. Jendea tabernan zegoen, kanpoan eserita. Bero handia zegoen. Goatzean ere ezin egon. Etxean aita ohartu zen suteaz, soinuak-edo, ez dakit; hark abisatu gintuen. Hamar ginen etxean, gazteenak hiru urte zituen bakarrik.
Zer ikusi zenuten?
Jaitsi ginen eta leiho horretan, beste etxeetakoa, txispak-eta nola etortzen ziren. Haize nahasia zegoen. Beste izkina hartara joan eta erdia erreta zegoen. Sua etxe ilara batetik bestera, behera pasatu zen eta lau edo bost minututan dena erreta zegoen. Hartu zuen polea, belarra eta agotza safeira igotzeko, eta hartu zuen handik… eta berehalaxe, bost-hamar minututan…
Sua hain azkar zabaltzeko, zer gertatu zen?
Okindegia zegoen hor (Erreka kalean), eta handik hartu zuen su, nola ez dakit, baina, handik. Hartzen badu eskola aldetik herri guztia erretzen da. Akabo herria! Izugarrizko hego haizea! Safeiak belarraz eta agotzez beterik zeuden.
Zuen etxea erretzeko arriskuan zegoen?
Ez. Ez genuen beldurrik, hemendik urruti zegoen sua. Urruti, beno! Beste etxe bat zegoen tartean. Erreka kalean paralelo dagoena, hori bai. Zurak-eta botatzen zituenean… txispak alde honetara; baina, nola! Batzuk etxetik atera ziren beheiti horretatik. Beldurra, badakizu!
Zer egin zenuen?
Kaleren alde honetan (ekialdea) jendea teilatuetara igo zen eta mantak jarri zituzten eta ura botatzen zieten teilatuek surik ez hartzeko. Tenperatura, orduan, bueno… Ni egon nintzen hor, ura eramaten. Herriak bazuen punpa bat. Egoten ziren hamar edo hamabost mutiko harekin. Batzuetan praktikak egiten zituzten. Ura suteetako ur hargunetik hartzen zuten. Gero suhiltzaileak etorri ziren, mahukekin-eta hasi ziren, saiatzen. Oso serio. Hala ere, ezin zen. Ezinezkoa zen.
Etxe guztietan azienda zegoen. Ezin atera. Errerik ere bai. Osaba egon zen azienda ateratzen, txekor bat etxe horretatik. Akordatzen naiz nola zuen soka lasa jarrita, atera zuen eta hankaz gora bota zuen kar, kar, kar. Orduan ez zegoen azienda asko, mendian egoten dira. Baina beti behi edo idi batzuk zeuden. Orduan idiekin ibiltzen zen, traktorerik ez zegoen. Bakarren bat egonen zen, baina gutxi.
Zuen etxean jendea hartu zenuten?
Aitak ekarri zituen etxera hiru urteko neskato bat eta bere amona. Ator hutsean etorri ziren eta nire amak jantzi zituen etxekoen arropekin. Arreba gaztenak esaten zuen: “amatxo ez jarri hori nirea da-eta!” Badakizu, umeen gauzak. Gau hura pasatu zuten etxean.
Pentsatzen dut disgustu latzarekin etorriko zirela.
Nire aita bere aitaren oso laguna zen, eta badakizu…
Suhiltzaileez aparte beste herrietatik etorri ziren?
Bai, Arbizutik beraien punparekin etorri ziren. Ondoko herrietatik laguntzera beti joaten zen ondoko herrietatik. Berehalaxe Arbizun erre ziren etxeak. Joan ginen!
Nolaz enteratu ziren?
Ezkila joz. Eta telefonoz, uste dut baietz.
Eguna argitzean zer panorama ikusten zen?
Harritzekoa, oso tristea zen hura! Beno! Eta gero, egun askotara, hasten zen berriz sua hartzera. Egoten zen brigada bat, gizon batzuk hor, itzaltzeko. Gauez hartzen zuen. Hor ostatua egoten zen, Zibilen itxe esaten zen. Han egoten ziren, begiratzen, punparekin prest, sua hasten bazen, berriz itzaltzeko.
Joxe Mari Olasagarre Ollakarizketa eta Joxe Gorriti Olasagarre erre ondoren berritu ziren etxe batzuen ondoan.
Zer pasa zen erretako etxeekin?
J. Ez dakit zenbat denbora pasa zen berriz berritzeko. Bitartean jendea ahal zuen tokian bizi izan zen, etxe zaharretan, besteen etxeetan, pisuetan eta horrela. Joxe Mari Olasagarre Ollakarizketaren lehengusuaren familiaren bi pisura joan ziren; Motxalekoek autobiaren ondoan hiru etxe dituzte eta han hiru familia egon ziren… Bi urte, behintzat, bai. Bi urte seguru etxeak egiterako.
JM. Lehen beti taldea egiten zen. Laguntza berehala ematen zen. Batasuna zegoen. Ez da orain bezala,
J. Senidetasuna zegoen.
Noiz hasi ziren eraikitzen?
J. Gehiena erori zen. Etxe guztietan teilatua behintzat bai.
JM. Ez zen dena erori, baina pareta gehienak zutik gelditu ziren. Gerora, hilabetetara, ejertzitoa etorri zen hondakinak kentzera. Soldaduak soketatik tira egin eta botatzen zituzten paretak.
J. Urte bat kasik pasa zen. Dena bota zuten. Dena berria egin zuten.
Eta zer egin zuten hondakin haiekin?
JM. Ez dakit.
J. Kendu. Ez dakit nora eramanen zuten. Harri batzuk, agian, hartuko ziren, baino…
Noiz hasi ziren etxeak egiten?
J. Behintzat bi urte pasatuko zirela hasterako. Lau urtez egonen ziren etxetik kanpo, hiru baino gehiago behintzat bai. Irurtzungo eraikitzaile batzuk ziren etxeak jaso zituztenak.
Etxeak egin zirenean mustutzeko zerbait egin zen?
JM. Festa egin behar zen, musika eta guzti. Gobernadoreak etorri behar zuen. Guztia prestatuta zegoen. Rosa Mariren etxeko bajeran egin zuten.
J. Baina euri asko egin zuen egun hartan.
Artzain Egunaren lehen edizioaren bezperan izan zen, antolakuntzan ari zinen?
Bai. Baina, akabo. Ezin.