Uharte Arakilgo sutearen 60. urteurrena

“Zorionez ez zen ez zauriturik ez hildakorik izan”

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko ira. 20a, 14:51

Peio Gorriti Gorriti.

Infiñe etxeko Peio Gorriti Gorritik hamabost urte zituen 1961eko irailaren 17an. Gau hartan sute batek Uharte Arakilgo 20 etxebizitza erre zituen. Gertatutakoa berritu digu Gorritik. 

Mendikoa kalean familiarekin bizi zen Gorriti, ibai ondoan. Haien etxeak izan ziren erretzen lehenak, sutearen sorreratik urrutiago egon arren eta ibaia ondoan izan arren. 

Suteak erretako etxe batean bizi zinen? 
Bai, bi genituen eta biak erre ziren; oraingo hau eta bizi ginena, etxe ilara honetan gorago zegoena. Erreka kaleko eta Mendikoa kaleko etxe ilara bana erre zen. Mendikoko hau parekoa baino lehen erre zen. 

Nola berritu ziren etxeak? 
Erre ondoren guztia bota eta berriro jaso ziren etxeak. Francisco Franco etxebizitza patronatuak eta udalak ez dakit zein negozio egin zuten. Lur guztia eman zen. Eta, nahi zuenak, familiaren egoeraren arabera, etxe handiagoa edo txikiagoa egin zuen. Guk txikia egin genuen, eta gero bajera egin genuen. 

Nolaz jakin zenuen sute bat zegoela? 
Aldameneko batek gaztigatu zigun. Emakumezko harengatik ez balitz familia guztia erreko ginateke. 

Noiz hasi zen sua?
03:00etan edo 04:00etan. Denak lo geunden. Aldamenak oihuka eta ate joka ibili zen eta horrela esnatu gintuen. Justu atera ginen gurasoak, anaia, arreba eta ni. Eta, gainera, lasterka; jantzita genuenarekin. Lehengo etxeetan behean azienda eta sukaldea zeuden, lehen solairuan etxebizitza eta safeiak belarrez eta agotzez beteta zeuden. Guztia egurrez egina. Gora zeramaten eskailerak jaisten ari ginen eskaileren gainera erori ziren. Zeuden idiak eta behi batzuk askatu genituen. Txerriei atea zabaldu genien, baina gehienak erre ziren. Bi-edo salbatu ziren. Han hil ziren txerrikumeak, eta txerrikumeak zituzten txerramak. 

Baratzak, soroek eta azienda zen garaiko uhartearren elikaduraren oinarria. 

Etxerik, arroparik, agiririk gabe gelditu zineten. 
Ezer gabe. Orduan nortasun agiriak-eta ez zeuden. Argazkiak, jabetzako eskriturak… dena erre zen. 

04:00etan kalean zer ikusten zen? 
Dena garra. Berehala iritsi ziren suhiltzaileak. Herrian ere suteen kontrako punpa bat ere bazegoen. Inguruko herrietatik ere etorri ziren. 

Zu atera zinenerako Erreka kaleko etxe ilarak su hartu zuen? 
Bai. Gu zubirantz eta beste kalerantz atera ginen korrika. 

Non hasi zen sua? 
Esaten dute okindegian sortu zela, ez dakit. Dakiguna da trenbide gainean hasi izan balitz, goian, herri guztia erreko zela. Hemendik, Mendikoa kaletik, garren artean, azetilenozko botilez betetako kamioi handi bat atera zuten. Aldameneko emakumezko batekin ezkondua zegoena izan zen kamioia ateratzen atrebittu zena. Hark su hartu balu, herri erdia desagertuko litzateke. Zoritxar guzti haren erdian zortea izan zen. Zorionez ez zen ez zauriturik ez hildakorik izan. 

Nolaz zabaldu zen?
Baziren egun batzuk bero handia egiten zuena, hego haizea zebilena. Gauez ez zuen ezer ere freskatzen. Etxeak oso bero zeuden. Belarra eta agotza zeuden. Lehen ez zen orain bezala fardotan biltzen. Belarra solte zegoen, fardoa erretzea baino errazagoa da. Eta guztia egurrezko egiturarekin, ba… 

Erreka kalean hasi zen sua eta, hego haizeagatik, Mendikora pasa zen. Hemengo etxeak azkarrago erre ziren Erreka kaleko eta etxeen bertako garren menpe gelditu zirelako. Ubeldearen bestaldean zeuden txipuak ere erre ziren. Badaude 30-40 metro! Eta guztiak erre ziren. 

Sutea itzaltzen aritu zinen? 
Ez, Mendikoa kaleko etxeekin ezin zen ezer egin. Bakarrik sua piztu zen Erreka kaleko etxe ilarari eta su hartzen hasi zen beste ilarari. Punparekin ura botatzen aritu ziren, etxe batzuk freskatu eta su har ez zezaten eta besteetako sua itzaltzen ahalegintzeko. Suhiltzaileak Iruñetik etorri ziren; ezin guztiari erantzun zeuden. Itsesi erreka lurperatua zegoen ordurako. Toki batzuetatik ura har zitekeen, baina ur gutxi jaisten zenez, ubeldetik hartu zuten ura. Sute garaian ez, baina hondakinak kentzeko garaian bai lan egin nuen. Ondoren udalak suhiltzaileek zutenaren moduko motordun punpa erosi zuen. 

Beste herrietako jendea nolaz jakin zuten sutearen berri? 
Ez dakit. Jende asko etorri zen beste herrietatik. 

Etxerik gabe gelditu zineten gau erdian. Nora joan zineten? 
Senideengana. Lehenengo gauak amaren lehengusu batzuen etxean pasa genituen, errepide ondoan. Ondoren, aitaren anaia batek hutsik zegoen etxe bat zuen eta etxe hau egin arte han egon ginen. Pare bat urte izanen ziren. 

Arropa eta guzti utzi beharko zizueten, ezta?
Jakina! 

Nola izan zen berreraikitzea? 
Erretako guztia bota zuten. Hondakinak kendu. Ejertzitoa eta guzti etorri zen. Bitxia zen hau guztia hutsik ikustea. Paretak bota gabe utzi zuten bakarra pareko hori izan zen. Ondoren, batek erosi eta etxebizitzak egin zituen. Hondakinak kentzerakoan behar bada bota beharko ez ziren gauzak bota ziren. Bazeuden harrizko pareta ederrak… Gure etxea kaletik atzeraino hamar urte lehenago berritua genuen, harriz lehen solairuraino. Garai bateko pareta zuen, gaizki zegoena eta berritu zuten, hiruzpalau urte nituela. Justu gogoan dut. 

Hondakinak nora eraman zituzten?
Gaur egun autobia da, Iruñeko noranzkoan. Han zulo handi bat zegoen eta han bota zuten, betetzeko. 

Zuek eraiki zenituzten etxeak edo enpresa batek jaso zituen? 
Irurtzungo enpresari batek egin zuen patronatuaren bidez. Etxeak nola izanen ziren patronatuak eta udalak erabaki zuten. Etxeengatik ordaindu behar izan genuen, baina uste dut merkeago izan zela. 

Etxeen mustutze ekitaldirik egin zen? 
Musika eta guzti egon zen. 

Gau hark familian arrastoa utzi zuen? 
Betirako. 

Ondorengoei kontatu diezue?
Soberan dakite, askotan entzun dutelako. Ez zara behin eta berriro errepikatzen ariko. 

Artzain Egunaren lehen edizioaren bezperan izan zen, antolakuntzan ari zinen? 
Orduan ez. Artzain Eguna bertan behera gelditu zen eta 1968an ospatu zen estreinakoz.