San Migelen bederatziurrenaren atarian

Guaixe 2021ko ira. 20a, 10:59
Aralarko aingerua gurtzen. ARTXIBOA

Bihartik San Migel eguneraino, hilaren 29raino, Aralarko santutegian egunero 18:00etan mezak izanen dira. Jende pilaketak saihesteko santutegira joateko egun horiek erabiltzera gonbidatu dute 

Pandemia garaiko bigarren San Migel eguna biziko dugu aurten. COVID-19 gaitza oraindik gure artean dugunez, Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradia kezkaz begiratzen dio hilaren 29ari, San Migel egunari. Jende askorendako egun handia da eta Aralarko santutegira joateko ohitura oso errotuta dago. Kofradiako lehendakari Joxe Mari Ustarrozek gaztigatu duenez, “koronabirusak pandemia erabat desagertu arte, eskatzen dugu jendea ahalik eta gehien banatzea egun hauetan izanen diren elizkizunetan”.

Uztarrozek gogorarazi duenez, bihar hasiko da San Migelen bederatziurrena Aralarko santutegian. Horregatik, bihartik 29ra egunero mezak izanen dira santutegian, 18:00etan. Aurten sainduaren eguna asteazkenarekin heldu da. Egun horretan elizkizunak 09:00etan, 10:00etan, 11:00etan, 12:30ean (meza nagusia), 17:00etan eta 18:00etan izanen dira. Jakinik sinestun eta Aralarko santutegia maite duen jende ugarik data agendan gordea duela, kofradiako buruak mezua errepikatu du, “jendea elizkizun guztietan ahalik eta gehien banatzea”.