Urte bateko etenaren ondoren bueltan da Uharte Arakil-Beriain Kilometro Bertikala proba ezaguna. Igandean, 10:00etan abiatuko da 5 kilometrotan 1.023 metroko desnibela duen proba gogorra.
Zer moduz zabiltzate Aralar Mendi taldekoak? Igandea heltzeko gogotsu?
Egia esan, bai. Joan den urtean ezin izan genuen proba antolatu, baina aurten animatu gara. Erabakia maiatzean hartu genuen. Azken unera arte ez genuenez dirurik aurreratu behar, saiakera egitea erabaki genuen, eta lortu dugu. Ez da ohiko Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala izango; esaterako, ezingo dugu bukaerako auzatea eta dutxa zerbitzurik eskaini, baina behintzat lasterketa antolatu ahal izatea da garrantzitsuena.
Mendi korrikalariek asko eskertu dute zuen ahalegina. Uztailaren 1ean zabaldu zenuten izena ematea, eta pandemiagatik 200 pertsonarendako mugatu behar izan zenuten aforoa azkar agortu zen.
Lasterketa bertikaletan pixka bat gehiago kosta egiten da izena emateko zerrendak betetzea, eta gurea bi astetan bete zen. Jendea gogotsu dago, eta aurten ez direnez lasterketa asko egon, dauden probetarako jendea animatzen da.
Korrikalari ezagunak eta korrikalari herrikoiak, denetatik egongo da, ez?
Bai. Proba irabazteko faboritoen artean, Mikel Beunza eta Xabier Macias nabarmenduko nituzke. Agian oso ezaguna ez den beste korrikalariren batek sorpresa eman dezake, baina nik uste hor erabakiko dela proba. Bestalde, sakandar askok eman dute izena Kilometro Bertikalean, eta hori oso pozgarria da guretzat. Ondo dago izen ezagunak aritzea, baina hemengo jendea etortzea pila bat eskertzen dugu. Oso pozik gaude.
Emakumezkoen artean nor nabarmenduko zenuke?
Aurten emakume dezentek eman dute izena, eta horregatik ere oso pozik gaude. Nik uste Igone Campos, Ainhoa Lendinez… hor egongo dela lehia.
Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala proba motza baina gogorra da, oso esplosiboa. 5 kilometrotan 1.023 metroko desnibela gainditu behar da, eta hori ez da egun batetik bestera lortzen.
Ez, erronka nahiko zaila da. Jendea oso entrenatuta etortzen da. Gure probak duen ezaugarri bat da lehendabiziko kilometro eta erdia nahiko laua dela; asko ematen badiozu, gero aldapa gogorrean garesti ordainduko duzu. Beraz, ongi erregulatzen jakin behar da, bestela lasterketa oso luze egiten da eta gaizki pasatzen da.
Proban parte hartuko duzu ala antolakuntzan ariko zara buru belarri?
Antolakuntzan ariko naiz. Ez dakit beste inoiz parte hartu ahalko ote dudan lasterketa honetan. Pena ematen dit, baina ezin da leku guztietan egon.
Antolakuntzan jende asko ariko zarete lanean.
Urte normal batean 50-60 pertsona egoten gara lanean. Aurten ez dago auzaterik, baina hala ere 30-40 boluntario egongo gara lanean. Izan ere, jende asko behar da bidegurutzeetan, kontroletan, muntaketa lanetan...
Banaka, taldeka… nola aterako dira korrikalariak?
Pandemia dela eta, erabaki genuen binaka aterako direla, 30 segundora. 200 korrikalari direnez, banaka egingo bagenu dezente luzatuko litzateke proba. Beraz, binaka aterako dira, azken hamarrak izan ezik; hauek banaka aterako dira, 30 segundoro. Izan ere, azkenak ateratzen direnak teorikoki proba hobeto egin behar dutenak izaten dira, faboritoak.
Onenak zenbat denboraren bueltan egongo dira?
Ea zer gertatzen den, baina nik uste onenak 41-42 minuturen bueltan ibiliko direla. Errekorra gainditzen badute, 300 euroko beste sari bat jasoko dute. Gizonezkoen errekorra Aitor Osarena da, 2015ekoa (39:54), eta emakumezkoena Ainhoa Sanzek lortu zuen 2019an (47:54).
41 minutu. Erraz esaten da, ezta?
Bai, errazegi (kar, kar).
Zein eguraldi iragarri dute iganderako?
Korrika egiteko oso tenperatura ona iragartzen dute, 22 gradu, eta ez dute haize askorik iragartzen. Beraz, korrika egiteko ez litzateke aitzakiarik egongo. Aste honetan euria eginez gero, agian lokatz pixka bat egon daiteke, baina ez dut uste arazorik egongo denik korrika ongi eta gustura egiteko.
Urtetik urtera jende gehiago gerturatzen da proba jarraitzera eta korrikalariak animatzera.
Goian, Beriainen, giro oso polita sortzen da, korrikalariek ere eskertzen dutena. Ikusleen animoekin azken aldapa gogor horretan gehiago motibatzen dira korrikalariak. Behin proba bukatuta, behera jaitsiko dira korrikalariak, beste bidetik, Uharteko mendatetik, gainontzeko partaideak ez kaltetzeko. Eta sari ematea 13:30ean izanen da, plazan. Gure proba, aldi berean, Nafarroako Km Bertikalen Txapelketa denez, gure sariez gain Nafarroako Txapelketako sariak banatuko dira.
Polita litzateke korrikalari sakandarren batek goiko postuetan muturra sartzea.
Hala balitz sekulako poza hartuko nuke. Etxekoei sari bat emateak beste zapore bat dauka, zapore askoz hobea.
Sakanako Trail Estazioa mustu da aurten, eta bertan jasotako ibilbideen artean Beriain Km Bertikala dago, zuen proban oinarritutakoa. Horrek bultzada gehiago emango dio ibilbide honi?
Sakanako Trail Estazioa mustu berria dago, eta nik uste denborarekin mendizale edo korrikalari gehiago animatuko direla gurera hurbiltzera. Ekimen polita da, ea nolako erantzuna duen.
Igandean Uharte Arakil Beriain Km Bertikala jarraitzera hurbilduko direnendako mezurik duzue?
Kasu egin diezaiotela antolakuntzari, ingurunea errespetatu dezatela eta, batez ere, korrikalariei pila bat anima diezaietela, errespetuz.