Berako Eztegara pilotalekuak Nafarroako herri kirolen hiru txapelketa garrantzitsu hartu zituen irailaren 11n: Nafarroako Gizonezkoen Ingude Altxatze Txapelketa, Iosu Marturet antsoaindarrak irabazitakoa (18 kiloko ingudearekin 87 altxaldi); Nafarroako Emakumezkoen Ingude Altxatze Txapelketa, Maika Ariztegi iturendarrak lortutakoa (9 kiloko ingudearekin 94 altxaldi); eta Nafarroako 3. Mailako Aizkora Txapelketako finala.
Aizkora finalean bost aizkolari lehiatu ziren, Iker Gorriti uharte arakildarra tartean. Bi ontzako eta bi kanaerdiko erdibitu behar izan zituzten, eta hasieratik Iker Gorritik lehia oso estua izan zuen Iturgoiengo Iosu Santamariarekin. Aizkolari uhartearrak aldea atera zuen eta lanak egiten azkarrena izan zen (10:29). 18 segundo atera zizkion Iosu Santamariari (10:47). Victor Suarez madrildarra hirugarren sailkatu zen (12:07), Endika Goia beratarra laugarren (12:18) eta Jacinto Etxekonanea beintza-labaiendarra bosgarren (13:20).
Txapela lortzearekin batera, Nafarroako bigarren mailara igotzea lortu du Iker Gorritik, eta baita bigarren sailkatutako Iosu Santamariak ere.