Areto futbola

Aralar Mendik azken minutuan lortu zuen garaipena

Guaixe 2021ko urr. 5a, 11:25
Aralar Mendikoak, garaipena ospatzen. ARALAR MENDI

Hirugarren maila. Zazpigarren multzoa. Bigarren jardunaldia: Garbayo Chivite Cintruenigo 1 – Aralar Mendi 3 / San Juan 6 – Xota 0

Asteburuan Areto Futboleko Hirugarren. Mailako bigarren  jardunaldia jokatu zen. 

Uharte Arakilgo Aralar Mendik partida zaila zuen jokoan Cintruenigon, Garbayo Chivite Cintruenigo taldearen kontra. Partida oso lehiatua izan zen, eta etxeko taldea izan zen markagailuan aurreratu zena. Baina sakandarrek ez zuten behera egin eta berehala berdindu egin zuten, Jon Arenazak sartutako golari esker. Partidak bere horretan jarraitu zuen, eta bi taldeek berdinketa apurtzeko aukera ederrak sortu zituzten. Eta partida puntu banaketarekin despedituko zela zirudienean, azken minutuan, 39. minutuan, bi gol sartu zituen Aralar Mendik. Mikel Barberena eta Jon Arenaza izan ziren Garbayo Chiviteren atea zulatu zutenak. “Garaipen ikaragarria Cintruenigon. Taldeak azken minutuan lortu zuen garaipena, etxera 3 puntuak ekartzeko. Hurrengo geltokia, Kirol Sport” azaldu du Uharte Arakilgo taldeak bere Twitter kontuan. 

Xotak, aldiz, izugarri sufritu zuen Iruñean. San Juanen kontra aritu zen Irurtzungo taldea, eta iruindarrak izan ziren alde handiz gailendu zirenak. Hasieran parez pare ibili ziren bi taldeak, baina 16. minutuan San Juanek Xotaren atea zulatu zuen, eta hortik aurrera San Juanen kolorea izan zuen partidak. 0 eta 6 galdu zuen Xotak, eta hori atzean utzi eta burua datorren jardunaldian jartzea, ez dago besterik. 

Sailkapenean, Mateo Muñoz Ribera de Navarra talde tuterarra da lider (6 puntu). Aralar Mendi seigarren da (4 puntu), eta Xota hamaikagarren, punturik gabe. Larunbatean Aralar Mendik 6 punturekin sailkapenean laugarren den Kirol Sport taldea hartuko du Larrabietan, 19:00etan, eta egun berean Xotak punturik gabe sailkapenean zortzigarren den Gazte Berriak taldearen kontra jokatuko du etxean, Atakondoan, 20:00etan. Bi partidak arerio zuzenen arteko lehiak izanen dira.