Hasi dira goiko ur hornidura sarea berritzeko lanak

Guaixe 2021ko urr. 21a, 10:06
Bernardo Ziriza Perez kontseilaria eta Txomin Uharte Baleztena alkatea Ganbeletako ur biltegian. NAFARROAKO GOBERNUA

Uraren presioagatik eta bargako lurren mugimenduagatik duela 60 bat urte jarritako mikrozementuzko ur hodiak askotan hausten dira eta hori saihesteko hoditeria berria jarriko da.

Duela bi aste hasi ziren hodi sarea aldatzeko lanak. Lanak Coyser Construciones y Servicios enpresa egiten ari da eta haiengatik 177.370,5 euro (BEZ barne) jasoko ditu. Lanak hiru hilabetean egin beharko ditu. Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetan dago lana, EH Bilduk hala izan zedin mozioa aurkeztu baitzuen joan zen urtean. Ganbeleta eta ur biltegiaren arteko ur ekarriko hoditeria guztiz berritu beharra dago. Gaur egun, mikrozementuzko hodia dago, joan den mendeko 60ko hamarkadan jarritakoa. Presioa hausteko punturik ez dago sarean eta horrek urak presio handia izatea dakar. Horren eta lur mugimenduen ondorioz, hodia askotan hausten da, eta ur ihesak atzematea zaila da udal langileendako. Gainera, mikrozementuarekin lan egitean kontuz ibili behar izaten dute. Goiko ur horniduraren zati bat, hala ere, fundiziokoa da. Hain justu Kamiotxar dermioan, handik Sakanako Autobia egiteko legarra atera baitzuten. 

Iturburuan dauden lau etxoletako ateak eta aireztapena aldatuko dira. Haietan dauden filtraziorako eta banatzeko elementuak berrituko dira, eta etxolak lotzen dituzten mikrozementuzko hodiak fundiziokoengatik aldatuko dira. Iturburua itxi eginen da, animaliak hara ez sartzeko. Proiektuaren arabera, iturburu ondoan, zatirik maldatsuenean polietilenozko hodia jarriko da. Gutxi gorabehera 1.200 bat metrotan. Zelaiagoa den beheko zatian, Kamiotxarretik ur biltegira arteko tartean, fundiziozko hodiak 720 bat metrotan. Hoditeria metro bateko sakoneran sartuko dute. Ura biltegira presio gutxiagorekin irits dadin neurriak hartuko dira ere.