Txirrindularitza

Jose Luis Arrieta, Movistarretik kanpo

Guaixe 2021ko urr. 29a, 11:25
Jose Luis Arrieta txirrindulariei azalpenak ematen. ARTXIBOA, MOVISTAR TEAM.

Astelehenean, urriaren 25ean, Carlos Arribas kazetariak El Paisen publikatutako artikuluaren titularra deigarria zen oso: “Movistarrek pedalkadaz aldatu du eta Arrieta zuzendaria alde batera utzi du”. Artikuluan Movistarreko arduradun Eusebio Unzué Labianok adierazitakoak jasotzen zituen. Unzuék dioenez, “erabaki hori hartzea, pertsonalki, oso gogorra izan da, baina taldearen ongizateari begira hartu beharreko erabakia”. Erabaki hau eta adierazpen hauek txirrindularitzaren munduan harridura sortu dute. Ez dira ulertzen, nahiz eta Movistar Team taldean egoera ez zela batere samurra kontu jakina izan. 

Jose Luis Arrieta Lujanbio uharte arakildarrak ia 30 urte zeramatzan Unzuék gidatzen duen txirrindularitza taldeari lotuta. 1991 urtetik taldeko txirrindularia izan zen, eta Ag2r taldearekin txirrindulari izan zen bost denboraldiak izan ezik, –nonbait, Unzuék berak eskatuta–, beti egon da eskuadra nafarrari lotuta. Txirrindulari izateari utzi bezain pronto, duela 10 urte, taldeko kirol zuzendari lanetan hasi zen, orain arte. 

Aurtengoa ez da Movistar Team taldearen urterik onena izan. Emaitzek ez dute lagundu, ezta taldeko giroak ere. Ildo honetan, Jose Luis Arrieta Espainiako Vuelta zuzentzen egon ez izana oso deigarria izan zen. Vueltan gertatu zen ere Movistarren eta Superman Lopez txirrindulariaren arteko haustura, kolonbiarra bizikletatik jaitsi zenean. Ur nahasietan dabil UCI mailako estatuko txirrindularitza talde bakarra. Movistar Teamek taldearen garrantzia nabarmentzen du behin eta berriz, familia bat direnaren izpiritu hori, baina agerian dago emaitzen pean eta sare sozialei adi dagoen taldean bilakatu dela. 

Guaixe Movistar Team taldearekin jarri da harremanetan, Arrietak ez duela jarraituko konfirmatzen duten jakiteko, baina  oraindik ez da taldearen erantzun ofizialik jaso; Jose Luis Arrieta Movistar Team taldeko webguneko staffean agertzen da oraindik. Momentuz, kirol zuzendariak ez du adierazpenik egin nahi, eta Movistar Team datorren denboraldia prestatzen ari da, Jose Luis Arrieta gabe. Movistar Team taldeak Leonardo Piepoli zuzendaria, Jose Ibarguren medikua eta Ivan Velasco teknikaria fitxatu ditu.