Hirigintza planaren parte hartze prozesua zabaldu du udalak

Guaixe 2022ko urt. 18a, 09:08

Uharte Arakilgo hirigintza planaren zirriborroa.

Iradokizun eta proposamenak egin daitezke udaletxean eskabide orokor bat betez bulego ordutegian, info@uhartearakil.com helbidera idatziz edo egoitza elektronikoaren bidez eskabide orokorra betez. Otsailaren 7ra arteko epea dago 

Nafarroako Gobernuarekin finantziazio hitzarmena sinatu ondoren, Uharte Arakilgo Udala 1991ko hirigintza plana berritzen hasi da. Udalean hura garatzeko talde motorra sortu zen. Lurraldearen Egitura eta Okupazio Eredua (EMOT gaztelaniaz) behin betiko onartu eta Aurretiazko Kontzertua sinatu ondoren, hirigintza plana egin behar da. Baina, horren aurretik, udalak abenduaren 20an beste pauso bat eman zuen: uhartearrek parte hartzeko epea zabaldu du otsailaren 7ra arte. Ordura arte, herritarrek iradokizun eta proposamenak egin ditzakete. 

Horretarako, aurretiazko dokumentazio laburtu bat egin da, hiri lurzoruari eta lurzoru urbanizagarriari buruzko informazio garrantzitsuenarekin. Dokumentazio hori antolamendu xehatuko planoek, sailkapen planoek, lurzoru kategoriek eta egikaritze unitateek osatzen dute, eta bertan, aprobetxamenduaren kalkulua eta indarrean dagoen hirigintza legeriak eskatutako lagapenak justifikatzen dira. Dokumentazio hori udalaren www.uhartearakil.com webgunean, informazio paneletan eta udaletxeko bulegoan izanen da. Uhartearren ekarpenak aztertu ondoren, udalak hirigintza plan osoa egin eta haren hasierako onarpena eginen luke.