Uharte Arakilgo Udalak duela urte eta erdi eman zituen Geltoki eta Zerradoa inguruko argiteria publikoa berritzeko lanak. Baina beste hainbat arlotan gertatzen ari den moduan, merkatuan materiala ez dago eskuragarri eta lanak hartu zituen enpresa hura eskuratzeko arazoak izaten ari da. Horregatik, lanak egiteko epeak luzatzea eskatu du. Egoera ikusita udalak onartu egin zuen enpresaren eskaera. Hala ere, LED argiak jartzeko lanak aurki hasiko direla gaztigatu dute udaletik. Energia eraginkortasuna lortzeko eta argindar kontsumoa murrizteko Uharte Arakilgo Udalaren plangintzaren barruan daude lan horiek. Aurretik Itsesin eta Bidezarren zeuden bonbillak kendu eta LED argiak jarri zituen.
Bestalde, abenduaz geroztik erabilgarri dago Ganbeleta iturburuko ur hoditeria berria. Aurretik mikrozementuzko hodiak hautsi egiten ziren uraren presioarengatik eta bargaren mugimenduengatik. Ur sarea maldarik handienak dauden 1.200 metrotan polietilenozko hodia jarri da eta zelaiagoa den eremuan fundizioan egindakoak. Urari presioa kentzeko neurriak ere hartu dira. Lanek, guztira, 177.370,5 euro (BEZ barne) balio izan dute.