Astekaria

Erreka kaleagatik ate joka ari da udala

Guaixe 2022ko ots. 1a, 10:03

Uhartearrak Erreka kalean. ARTXIBOA

Hura urbanizatzeko lanak egin nahi ditu, baina inon ez da jaso lurpetik doan erreka behar bezala kanalizatzeko lanak. Aurreikusitako lanen aurrekontua bikoiztu egiten du, 1,6 milioi euro.

Uharte Arakilgo Udalaren aspaldiko asmoa da herriko sareak eta kaleen zoladura berritzea. Ibai gaineko zubia eta autobus geltokia lotzen ditu Erreka kaleak, Uharte Arakilgo kale nagusietako bat. Hura konpondu nahi zuen udalak eta, horretarako, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza deialdietara aurkeztu izan da. Baita onartua izan ere, eta Toki Inbertsioen Planaren barruan jasoa ere. Lanek 860.000 euro inguruko aurrekontua lukete, eta foru administrazioak 609.859,5k1 euroko dirulaguntza aurreikusia du, 225.271,29 euro ur hornidura, saneamendu eta euri uren sareak berritzeko eta 384.588,22 euro zoladurarako. 

Kale azpitik erreka bat pasatzen da, horregatik, deitzen da hala kalea, Erreka. Haren urak behar bezala bideratu edo kanalizatu behar dira, lurpeko sareak, kalearen zoladura edo etxeen zimenduei kalterik ez egiteko. Eta lan horiek egiteko dirulaguntzarik ez du jaso Uharte Arakilgo Udalak. Errekaren urak bideratzeko lanek asko garestitzen dute proiektua, bikoiztu arte, 1,6 milioi euro. Udalak aurre egin ezin dion inbertsioa. Horregatik, Nafarroako Gobernuaren hainbat departamentutako ordezkariekin bilerak izaten ari dira udal ordezkariak. Azkenekoa joan den asteartean izan zuten Ingurumen Departamentuarekin. Jasoko duten erantzunaren zain, lanak egiteko egon litezkeen bideak aztertzen segitzen dute udalean.