Mendikoa kaleko doinuak

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko urt. 31a, 13:30
Unai, Mikel, Asier eta Imanol, Uharte Arakilgo Mendikoa taldeko kideak. UTZITAKOA

Uharte Arakilen duela bi urte inguru lau lagun lokal batean bildu ziren musika egiteko eta ongi pasatzeko. Entsegu horietatik Mendikoa taldea sortu zen; 'Kronosaren diktadura' diskoa kaleratu dute eta zuzenekoak ematen hasi dira.

Mendikoa Arakilgo herri despopulatu bat da. Uharte Arakil inguruan. Herri berria sortzean kaleei Arakil aldean zeuden herri despopulatuen izenak jarri zizkieten, haietako bat, Mendikoa. Azentua o-n jartzen diote uhartearrek. Kale horretan bizi ziren Asier Beltza Arza baxu jotzailea, Imanol Goñi Razkin gitarra jotzailea, Mikel Balda Sanjuan gitarra jotzailea eta Unai Martinez Sebastian bateria jotzailea. Musikaren munduan esperientzia zuten, eta 2019ko udan entseatzeko elkartzen hasi ziren. Mendikoa taldea sortu zuten.

Goñik bultzatu zuen taldea: beste talde batean aritzen zen eta momentu horretan jo ezinean zebilen, eta Beltzari eta Martinezi "zerbait jotzeko elkartu behar dugu" esan zien. Eta elkartu ziren. Ondoren, Baldari ere parte hartzeko esan zioten. "Berehalakoa izan zen, eta berehala hasi ginen abestiak ateratzen", azaldu du Martinezek. Handik gutxira, Covid-19 birusak eragindako pandemia etorri zen. Baina egoera bereziak ez zuen taldearen jardunarekin amaitu, eta 2021ko udan lehenengo diskoa kaleratu zuten: Kronosaren diktadura. Lehenengo kontzertua ere eskaini zuten Uharte Arakilen, lagunen artean.

Zazpi abesti grabatu dituzte, eta elementu amankomuna "denbora" da

"Aurrekoan gure musika estiloari buruz hitz egiten aritu ginen, eta zaila da estilo batean kokatzea. Rock-aren inguruan". Diskoak zazpi abesti ditu, eta bakoitza "desberdina" dela azaldu du Baldak: "Batzuek indie-rock kutsua dute, beste batzuk metaleroagoak dira, stone rock ere badago…". Abesti instrumental bat ere badute, vals zati bat ere badutela esan du Martinezek: "Ez da berez vals-a, indartsuagoa da eta rockera eramandakoa, baina bat-bi-hiru eskema ikusten da".

Lokalean
"Nik solfeoa ere ez dakit eta batzuetan melodia bat datorkit burura eta telefonoarekin txistuaren bidez grabatzen dut, eta hor uzten dut grabatuta. Pare bat hilabete pasata entzuten dut berriz, eta gustatzen bazait lokalera eramaten dut". Baldak "benetako musikara" eramaten duela esan du Martinezek. "Batzuetan zerbait ateratzen da". Ez dira beste taldeetan oinarritzen, eta noizbehinka beste abesti batzuekin antzekotasuna somatu izan diete "baina nahi gabe egiten dugu".

Abestiak taldearenak dira. Guztien artean sortzen dituzte. Batek lokalera ideia bat eramaten du, eta horren gainean lan egiten dute, edo "desegiten" dute, Beltzak esan bezala: "Hortik tiratzen dugu". Letrak ere guztien artean sortzen dituzte. Martinezek azaldu duenez, aldi batean batek eramaten du letra bat, gero beste batek… "Gero buelta bat ematen diegu, errepasatzen ditugu, eta gauzak aldatzen ditugu musikarekin bat egiteko".

Kronos
"Esperientzia" kontuagatik agian, eta diskoaren izenburuan aurreikus daitekeen bezala, abesti guztiek amankomunean duten elementua denbora dela esan du Baldak. "Denboraren ideia hori. Denborak garrantzia dauka gure bizitzan. Denboragatik ez dugu gehiago entseatzen, denbora pasa ondoren hasi gara denbora pasa bezala berriro jotzen…". Letra politak, ez mingarriak eta zerbait adierazten dutenak egiten saiatzen direla aipatu du Martinezek. "Ez dira 18 urterekin egiten genituen letrak. Agian sakonean bai, baina beste modu batera adierazita". "Agian ez dira hain zuzenak", gaineratu du Beltzak. Nerea Balda Sanjuan idazlearen, Mikelen arrebaren, poema bat ere abesti bihurtu dute. "Letra txukunenetarikoa da".

2019ko uda horretan entseatzen hasi zirenean, "espektatibarik" ez zuten. Ez, behintzat, oso altuak. "Momentu batez elkartu, eta musika jo", esan du Beltzak. "Hasieran aspiraziorik handiena astean behin entseatzeko elkartzea zen. Gogoratzen dut Imanolek esaten zuela ez zela derrigorrezkoa ere. Gero, bai. Gelditu behar genuela esaten zigun". Orain espektatibak ez direla asko aldatu esan dute.

"Azkenean ikusi duzu zerbait polita sortu dugula eta jotzeko grina ere badugula. Ongi egin nahi dugu, entseatzen dugu, baina handinahirik gabe". Lana eta familia dute, eta ahalegin "handirik" ez dutela egiten esan du Martinezek. Esaterako, ez dituzte sare sozialetan profilik sortu. "Helburu nagusia da ongi pasatzea musika gustatzen zaigulako, eta gauza txukunak egitea". Astean behin elkartzeko helburua betetzen dute, azken aldian bitan ere elkartzen direla esan dute, "kontzertuak eskaintzen" hasi direlako.

Zuzenekoak

Zuzenekoetan diskoan baino "askoz hobeto" entzuten dela esan dute

Pare bat kontzertu eskaini ditu, momentuz, Mendikoa taldeak. Uharte Arakilen egin zuten lehenengoa, "lagunen artean". Ikus-entzuleekin hitz egin ondoren "subidoi" antzekoa izan zutela aitortu dute. Jendeari gustatu zaio. "Zuzenekoan, nik susmoa banuen lokalean nabaritzen dudalako, askoz hobeto entzuten da, diskoa baino", esan du Martinezek.

Kronosaren diktadura diskoa Iruñeko Mutu estudioan grabatu zuten, eta ehun bat kopia kaleratu zituzten. Diskoaren formatuak eztabaida sortu zuen, "lagunen artean banatzeko eta guretzako, polita da izatea eta letrak ikustea". Uharte Arakilgo Anaiak tabernan eskura daiteke, baita Altsasuko Idergi tabernan ere.