Txirrindularitza

Igor Arrietak Jaengo Klasikoan aztarna utzi du

Guaixe 2022ko ots. 15a, 12:32

Igor Arrieta larunbatean jokatutako Murciako Vueltan. KERN PHARMA

Uharte arakildarra klasikoko ihesaldietako batean sartu zen eta aurrean ikusi zitzaion

Atzo, astelehena, Jaen Paraiso Interior Klasikoa jokatu zen, asfaltoa eta sterratoa bildu zituen proba gogorra, eta Kern Pharma taldearekin profesionaletan mustu den Igor Arrieta Lizarragari aurrean ikusi zitzaion. Euskaltel-Euskadiko Xabier Mikel Azparrenek erasoa jo zuenean, harekin abiatu zen Igor Arrieta. Beste txirrindulari batzuk ere batu ziren festara: Berckmoes, Alba eta Haga. Zoritxarrez, ihesaldiak ez zuen fruiturik izan, baina profesional mailako bere seigarren proban aztarna utzi du Igor Arrietak. 

Klasikoa Alexey Lutsenkok (Astana) irabazi zuen, lasterketa bikain irakurri eta helmugara bakarrik iritsi eta gero, eta Arrieta 23. sailkatu zen, 5:21era. 

“Kern Pharma taldeak lasterketa ederra egin du. Oso pozik nago eskatutakoa bete dutelako. Maila honetan lehiatzen jarraitzen badugu, gure helburua lortuko dugu. Igor Arrietak eta Raul Garcia Piernak sekulako maila erakutsi dute, emaitzak baino, sentsazioak hartzen ditugulako kontuan. Oso kontentu gaude” azaldu zuen Kern Pharmako zuzendari Juanjo Orozek. 

Larunbatean Murciako Vueltan hartu zuen parte Igor Arrietak. Alessandro Covik (UAE) irabazitako proban 56. postuan sailkatu zen uharte arakildarra, 55 segundora. “Igorrek hanka onak dituela erakutsi du” azaldu zuen orduan Orozek. Kern Pharma taldeak atseden hartuko du Andaluciako Itzulian (otsailak 16-20) eta Tour des Alpes Maritimes et du Var (otsailak 18-20) lasterketetan parte hartu baino lehen.