Aralar santutegiaren atzean antenaz josita ageri den mendia da Artxueta. Telekomunikazio azpiegitura horiei zerbitzua behar bezala emateko bere garaian Artxuetako bidea zabaldu zen. Aralarko Guardetxe zena eta santutegira lotzen dituen errepide NA-7510 errepidetik abiatzen da 1.350 bat metro dituen pista. Haren izen ofiziala NA-7515 da, eta toki errepide sailkapena du. Herri Lanen zuzendaritzak errepide hori eta herrialdeko beste 47 Nafarroako Errepide Sarearen katalogo ofizialean sartu du. Aipatu katalogo ofizial hori tresna publikoa da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jabetzakoak diren Nafarroako Errepide Sareko errepideak identifikatu eta inbentariatzeko balio duena.
Horrek aukera emanen dio Nafarroako Gobernuari bide horietan kontserbazio integraleko jarduketak egiteko. Hau da, errepidearen egoera egokia, segurtasuna eta erosotasuna zaintzeaz arduratuko da foru administrazioa. Gaur egun zoruaren eta seinaleztapen-pinturaren hasierako balorazioa egiten ari da. Konponketa premia galanta du errepideak, zuloz josita baitago. “Antenetara igotzen zirenek konpontzeko eskatzen zuten” azaldu du Txomin Uharte Baleztena alkateak, “urteetan ez da konponketarik egin eta premia handia du. Positiboa izanen da moldatzen badute”, gaineratu du.
Pista eta antenak
Uharte Arakilek dermio handia du eta haren zati bat Aralar mendian dago. Herriko abeltzainendako eta baso kudeaketarako santutegirantz igotzen den pista zabaldu zuen udalak Aralar magalean. Porlanezko pistari erreparatu zion Espainiako Vueltak eta txirrindulari profesionalak bitan igo dira handik. Uharte Arakilgo Udala eta Nafarroako Gobernuaren arteko harremanak izan ziren bi aldietan, izan ere, pista ez baitzegoen txirrindulariak pasatzeko moduan. Konponketak gobernuak egin zituen. Alkateak azaldu duenez, “pistaren mantentze eta segurtasun neurriak bere gain hartzeko aukera aipatu genien. Baina pista Errepide Sarean sartzea ez dute inondik inora ikusten. Hala ere, horretaz herrian poleki hitz egin beharko da”.
Bestetik, Artxuetan dauden telekomunikazio azpiegiturak arautzeko ordenantza onartu zuen Arakilgo Udalak. “Zerbitzua eskaini eta mantenua zehazteko da” argitu du Uhartek. “Zuloz beteta dago mendia. Bakoitzak bere argindarra edo dena delakoa Artxuetara eramateko zuloa egitea eskatzen du. Orain Nasertic enpresa publikoak zuntza eraman behar badu… obra batek egin dezala eta zerbitzua denei eman diezaiela. Denendako izan dadila eta ez dezala bakoitzak berea egin. Eta daudenen artean proportzionalki ordaintzeko”.
Artxuetan dauden telekomunikazio enpresen gustukoa ez zen izan ordenantza eta haren kontrako helegitea jarri zuten. Udalaren aldekoa izan da epaia eta zenbait aldaketa eginda indarrean da Artxuetako telekomunikazio parkea arautzen duen ordenantza. Alkateak jakinarazi duenez, “bidea jorratzen segitzen dugu”, eta udalaren hurrengo pausoa ordenantza fiskala onartzea izanen da.