Nahiz eta herriko kintada guztiak hartzen dituen eguna maiatzera atzeratu, kinto ospakizunak bueltan dira Uharte Arakilen. Andrea Ihaben, Ane Lanchas, Irantzu Aranguren, Joritz Garzes, Iker Zubieta, Naroa Lizarraga, Roberto Jerez eta Aimar Jakak osatzen dute aurtengo kintada. Haiekin batera, joan den urtean kintoetatik bederatzi ere ari dira parrandan: Ainhoa Agirre, Andoni Razkin, Eider Urdanoz, Ibai Babace, Ibon Iribarren, Munir El Akkari, Julen Sanchez, Natalia Navarro eta Mikel Navarro.
Gazte guztiak atzo abiarazi zituzten ospakizunak. Arropa zaharrak jantzi eta bazkaltzera elkartu ziren. Ase ondoren, herriko trikitilari eta pandero jole diren bi gaztez lagunduta Amurgin aldera, baserrietara jo zuten. Eta hango bisitak despedituta, Itxesi auzoko goiko partea bisitatu zuten. Kinto eskean etxeetara bisitak egiten dituzte kintoek. Batzuek dirua ematen diete, besteak jatekoak eskaintzen dizkiete. Izan daitezke kroketak, pastak, bizkotxoak, tartak… Baina pandemiak eraginda osasun egoera oraindik guztiz ez denez onbideratu, segizio guztia etxeetan sartu beharrean kintoen artean banatu dituzte etxeak.
Atzokoak despedituta, kintoak garai batean mojena zen eraikinera joan ziren, lotara. Izan ere, ospakizunek irauten duten hiru egunetan etxetik kanpo lo egiten dute gazteek. Gaur esnatu eta majo gosaldu ondoren, kinto eskeak gaur segida du. Itxesin falta diren etxeak eta Zerradoa auzokoak bisitatuko dituzte. Non dabiltzan nabarmen utziko du trikiti eta pandero soinuaz aparte aldean izanen duten bonboak. Gaur ere majo bazkaldu eta afalduko dute, parrandan ordu txikiak arte egoteko. Larunbatean herrian barna eginen dute kinto eskea. Uharte Arakilen ihotea ospatuko denez, harekin bat eginen dute. Eta hamazazpi gazteek beraien ospakizuna despeditzeko, kinto gazte eta zaharrekin batera afalduko dute.