Aralarrerako pistaren konponketako ordainketa atzeratua

Guaixe 2022ko mar. 16a, 09:36

Aralarrerako pistan porlana zartatuta eta bizikletako gurpila. ARTXIBOA

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak bide hori egokitzeko lanak kontratatu zituen 2020ko lastailean Espainiako Itzulia pasako zelako. Gobernuko kontu hartzaileak ez zien oniritzia eman fakturei, departamenduak ukatu zuen hainbat oker zegoenik. 2014an itzulia antolatzen zuen enpresak konpondu zuen pista.

Uharte Arakilek Aralar magalean eraiki zuen porlanezko pistatik bigarrenez pasa zen Espainiako Itzulia 2020ko lastailaren 21ean. Abeltzainendako eta baso lanetarako erabiltzen den porlanezko pista txirrindulariak pasatzeko ez zegoen egoerarik onenean. Espainiako Itzulia 2014ean pasa zen estreinakoz Aralarko pistatik, eta orduan pistaren egoera txarreko zatien konponketa Unipublic enpresak egin zuen. 

Konponketa premia zuen pistak 2020an ere. Horregatik, Lurralde Kohesiorako Departamentuak pista etaparako behar bezala egon zedin bi lan eman zituen. Bata, pistako bi ertzak garbitu, moztu eta erratza pasatzea, Lakita SA enpresari 38.986 euroan (BEZ kanpo). Eta, bestea, okerren zeuden pista zatietan asfaltoa zabaltzea, Patxi Otamendi Goikoetxeari 39.376 euroan (BEZ kanpo). Bi lanak 40.000 eurotik (BEZ kanpo) beherago zirenez, Kontratu Publikoei buruzko Legearen arabera, zuzeneko kontratazioa ahalbidetzen du. 

Iritziak
Lan horien fakturak gobernuko kontu hartzailearengana iritsi zirenean sortu zen arazoa. Ikuskatzaileak guztia legearen arabera egiten dela gainbegiratzen du, eta lastailaren 28an adierazi zuen dirua ordaintzeko eragozpena. Haren iritziz lanak toki berean egin zirenez, bi kontratu beharrean bakarra izan behar zuen. Zatitu ez balitz, lanak emateko esleipen prozesua egin beharko litzateke eta enpresek eskaintzak aurkeztu. Kontu hartzailearen iritziz “lizitazioan prezio txikiagoko bat kontrata zitekeen, eta, beraz, hori egin ez denez, Ogasunari kalte egin ahal izan zaio”. Kontu hartzaileak gaineratu zuenez, Lurralde Kohesio Departamentuak ez zuen eskumenik obra horiek enkargatzeko, Aralarko bidea ez baitago Nafarroako Errepide Sarean, Uharte Arakilgo Udalarena baita. 

Herri Lanetako zuzendari nagusia ez zetorren bat kontu hartzailearen iritziarekin. Ukatu egin zuen kontratua zuzenean esleitzeko zatitu zutenik. Bi lanek helburu desberdinak zituztela ziurtatu zuen, eta jarduera desberdinetan espezializatutako bi enpresari agindu zietela. Gaineratu zuen Europako zuzentarau batek sortakako kontratazioa sustatzen duela. Aldi berean, eskuduntzen arazoa ukatzen zuen, “Aralarko pista Nafarroako Errepide Sarean ez dagoen arren, gure ardura zen, bizikleta karabanaren segurtasunagatik, bere titulartasuneko errepideen arteko lotura eta zerbitzu bide bezala behar bezala egokitzea”. Horrez aparte, Rebeca Esnaola Kirol kontseilariak eta Maria Chivite presidenteak eskatuta, kudeaketa agindu zitzaiela adierazi zuen, Espainiako Itzuliaren garrantzia ikusita.

Gehiago
Kontu hartzailetza eta Kontabilitateko zuzendari nagusiak kontu-hartzaile delegatuaren argudioak babestu zituen 2021eko ilbeltzean, eta fakturen izapidetzearen etenaldia mantendu zuen. Hark berretsi zuen Aralarko pista udalaren jabetzakoa zela, eta lasterketaren segurtasuna, ekitaldi pribatua denez, sustatzaileari eta bidearen jabeari zegokiela, azken hori horretara behartuta dagoen neurrian. Adierazi zuen Nafarroako Gobernuaren erantzukizunak Unipublic enpresa antolatzailearekin sinatu zuen 60.000 euroko babesletza kontratuan jaso behar zirela. Eta ez zela arrazoibide juridikorik aurkeztu gobernuak obrak finantzatzera behartzeko. Azpimarratu zuen departamentuak ez zuela eskumenik lanen ardura emateko. Gaineratu zuen lanak ez zirela banatu behar eta deialdi bakarra egin behar zela.