Aralarren San Jose ospatuko dute

Guaixe 2022ko mar. 18a, 12:01

Jendea Aralarko santutegian. ARTXIBOA.

Larunbatean, 12:30ean, meza izanen da. Aralarko aingeruaren irudia asteburuan Lakuntzan eta Arruazun izanen da.

Egutegian festa egun bezala gorriz seinalatuta egon ez arren, Aralarko santutegiak San Jose egunaren ospakizuna hartuko du larunbatean, martxoak 19. Deun Mikel Goiangeruaren kofradiak jakinarazi duenez, eliza erromanikoak meza nagusia hartuko du 12:30ean. Mezara joaten direnek ez dute elizkizunaren akaberan Aralarko aingeruaren irudia gurtzeko aukerarik izanen, ordurako Lakuntzan izanen baita. Izan ere, Aste Santu ondoren herriz herri ibiltzen da Aingeruaren irudia. Baina guztietara ez denez iristen, Aste Santua baino hamabost egun lehenago hainbat herrietatik pasatzen da. Urteroko ibilbidea, ohi bezala, Lakuntzan hasiko du larunbatean. Eta igandean aingerua Arruazun izanen da. 

Bestalde, Deun Mikel Goiangeruaren kofradiak bere urteroko batzarra garagartzaroaren 26rako iragarri du. Kofradiako buruen asmoa eta nahia da batzarra Lakuntzetxe berrituan egitea. Garabia kenduta, lanak oso aurreratuak daudela jakinarazi dute.