Txomin Uharte Baleztena alkateak azaldu duenez, “pandemiagatik bideratzeko zailtasunengatik aurretik zenbait proiektu ezin burutu ibili gara. Orain heldu diegu eta proiektu horiek aurrekontuan jaso ditugu, horrela ez dugu aurrekontu aldaketarik egin beharko. Ez dakit zenbaterainoko gaitasuna izanen dugun proiektuak gauzatzeko, agian zerbait atzeratuko da”. Izan ere, “dirulaguntzak behar dira gauzak egiteko. Zain gaude. Toki Azpiegitura Plana etorriko da, esaterako” gaineratu du alkateak.
Horrek guztiak azaltzen du Uharte Arakilgo Udalaren aurrekontuak urte batetik bestera izan duen hazkundea. 2.400.431,16 euroko diru sarrerak aurreikusi ditu, aurreko urtean baino 1.137.011,95 euro. Eta irteerak, berriz, 2.399.933,18 euro izanen dira, 1.137.383,82 euro gehiago. Udalak aurten inbertsioetara 1.578.421,15 euro bideratuko ditu.
Bi lan
Udalak lehentasunezko jo du energia eraginkortasuna eta energiaren aurrezpenean neurriak hartzea. Horregatik, 200.000 euro baino gehiago jarriko ditu Alde Zaharreko argiteria publikoa modu integralean berritu eta egungo bonbillen ordez LED argiak jartzeko. Aurretik LED argiak jarriak daude Itxesi eta Bidezarren. Alkateak jakinarazi duenez, Geltoki eta Zerradoa auzoetan aldaketa egiteko lanak aurki hasiko dira.
Bestetik, “ohiko gastuetatik gora doan inbertsioa” egin nahi du udalak eskolan: “inguratzaile termikoa jarri, berogailuko termostatuak berritu, teilatua konpondu, autokontsumorako eguzki plakak jarri eta egungo berogailua biomasako bategatik aldatu nahi dugu. Lanek 850.000 euro baino gehiago balio dute. Dirulaguntza eskatuko dugu eta %80tik gora jasotzea espero dugu. Bestela udalak ez du gaitasunik halako lanekin hasteko”, azaldu du Uhartek. Gaineratu duenez, “aipatutako bi lanengatik hazi da hainbeste aurrekontua”.
Europako Next Generation dirulaguntzen barruan Dus 5000 programa dago. Haren bidez erronka demografikoa duten udalerrietan energia garbiko tokiko proiektu berezietarako inbertsioak egiteko laguntzak emanen dira. Eta Uharte Arakilgo Udalak eskaera egin du.
Gehiago
Uharte Arakilgo Udalak aurten inbertsio gehiago egiteko asmoa du. Alde batetik, autobus geltokia berreraiki nahi du, hura hobetzeko. Bestetik, “bost edo hamar urtean behin hilerria hustu eta garbitu behar izaten da eta lan horiek aurten egin nahi genituzke”. Bestetik kaleak berritzeko inbertsioak egiten segituko du udalak.
Udalak herrian lana sustatzearen aldeko apustua du. “Lan merkatuan sartzeko zailtasunak dutenei aukera erraztu nahi diegu: langabetuak, langabezian luze daramatenak, adin bat beteak dutenak… Baso lanekin eta herriarekin lotura duten lanak eskainiko ditugu”. Urtearen arabera Uharte Arakilgo Udalak 2, 3 edo 4 pertsona kontratatu izan du. Aurten dagoeneko 51 urte baino gehiagoko pertsona bat kontratatu du. Eta baso lanetan aritzeko urte erdiko kontratua egin nahi du ere.
Bidea
Lakuntza eta Uharte Arakil lotzen duen Amurgingo bidea elkarrekin konpontzeko asmoa zuten bi udalek. Lakuntzako Udalak lana sustatzea eta batera ordaintzea zen bi udalen asmoa, “baina Europak ezetz esan du. Herri bakoitzak bere bide zatia konpondu behar duela”, azaldu du Uhartek. “2019an eta 2020an Arruazu, Lakuntza eta Uharteko udalen artean itxitura bat konpondu genuen. Baina orain irizpidea aldatu da eta udal bakoitzak bere deialdia egin beharko du”. Lana horrela garestiagoa izanen dela nabarmendu du alkateak. 22.000 euroko lanak dira, eta haiek egiteko udalak dirulaguntza jasotzea espero du.
Turbina
Ganbeletako iturburutik heldu den goi hornidurako hodian argindarra sortzeko turbina jarriko da aurten. Hura etxola baten barruan egonen da Itsasgainen, ur biltegiaren ondoan, baina goiko partean. Haren bidez, igerilekua argindarrez hornituko da, eta sobera dagoena udalaren jabetzako hainbat kontsumoren artean partekatuko da. Beraz, Uharte Arakilen sortutako argindarra herrian bertan kontsumituko da. Lanak 85.000 euroko aurrekontua du, eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontuan jasoa dago EH Bilduren emendakin bati esker.
Hirigintza
Udal hirigintza plana berritzeko prozesuan iradokizunak egin dituzte ubertearrek eta haiei erantzuna emateko denbora beharko dute teknikariak eta udalak. Hala jakinarazi du alkateak. Bestalde, lehentasunezko zaharberritze gunea izendatzeko lanean dago udala. “Izendapen horrek dirulaguntzak tramitatzerakoan erraztasunak ematen ditu”. 50 urte baino gehiago dituzten eraikinen zaharberritzea eta energia birgaitzea sustatzeko ordenantza lantzen ari da ere udala.