Osasun mentala seme-alabekin nola sustatu ikasteko

Guaixe 2022ko api. 12a, 08:45

Lau mutiko Erreka kalean. ARTXIBOA

Irurtzun aldeko Gizarte Zerbitzuak eta Uharte Arakilgo guraso elkarteak seme-alaben artean osasun mentala nola sustatu erakusteko ikastaroa antolatu du. 

COVID-19gaitzaren pandemiak eraginak izan ditu jendartean. Eta horietako bat osasun mentala izan da. Pandemiaren ondorio horrek pertsona guztiei eragin die, baita haur eta nerabeei ere. Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetatik azaldu dutenez, “haurtzaroan eta nerabezaroan aldaketak eta adierazpenak detektatzen ditugu, eta batzuetan ez dakigu zergatik agertzen diren eta zalantzak sortzen zaizkigu ez dakigulako nola lagundu”. Adierazi dutenez, “ohikoak dira kontzentratzeko zailtasunak, suminkortasuna, ezinegona, bakardade-sentimenduak, emozioak erregulatzeko zailtasunak, pentsamendu obsesiboak eta ezkorrak, besteak beste”.

Gizarte Zerbitzuetatik azaldu duenez, “ezinbestekoa da erreferentziazko helduek haurren eta nerabeen osasun mental egokia sustatzea eta garatzen laguntzea, ongizate osasungarria lortu ahal izateko”. Horregatik, gurasoei zuzendutako tailerra antolatu dute. Haren bidez honakoak jorratu behar dituzte: osasun mentalerako hurbilketa, etapa bakoitzaren garapena eta behar ebolutibo emozionalak identifikatzea, ondoez emozionalaren adierazpenak detektatzea eta nola garatu erantzun emozional sentikorrak eta tratu onekoak.

Ikastaroa apirilak 28an eta maiatzaren 5ean eta 12an izanen da, ostegunetan, 17:00etatik 18:30ean, Uharte Arakilgo udaletxean. Agintzariko kideek emanen dute ikastaroa. Ikastaroan parte hartu nahi duenak apirilaren 25era arteko epea du izena emateko. Horretarako, 948 600 694 telefono zenbakira hots egin edo ssbirurtzun.izabala@gmail.com e-posta helbidera idatzi behar da.