Udalak herriko erakundeendako dirulaguntza deialdia egin du

Guaixe 2022ko api. 13a, 11:04

Uhartearrak kalean. ARTXIBOA

Kultura, kirol eta gizarte entitateek beraien eskaerak maiatzaren 4ra arte aurkeztu ditzakete udaletxean.

Herrian uhartearren parte hartzea bultzatu, bizi kalitatea hobetu eta kulturaren ezagupena eta garapena sustatzen duten prestakuntzako, arte eta kulturako, gizarte eta kulturako edota kiroleko jardunak lagunduko ditu udalak. Horregatik, kultura, kirol eta gizarte entitateei zuzendutako dirulaguntza deialdia egin du. Zehazki bost arlotako jarduerak izanen dira udalaren laguntza eskuratzeko aukera izanen dutenak: prestakuntzako jarduerak, helburu gisa populazioaren edozein sektoreren hezkuntza arautu gabekoa dutenak; arte eta kulturako jarduerak: antzerkia, musika, dantza, zinea, bideoa, literatura, arte plastikoak, folklorea eta antzekoak; gizarte eta kulturako jarduerak, helburu gisa herritarren sustapena dutenak; herriko arte eta kultura ondarea babesteko jarduerak eta, azkenik, kirol ikuskizun eta jarduerak. Elkarteek eskabide orri ofiziala betetzearekin batera urteko egitaraua eta aurrekontua aurkeztu beharko dute maiatzaren 4rako. 

Uharte Arakilgo Udalaren dirulaguntza jasoko duten jarduerek honako bete beharrak izanen dituzte: uhartear guztiek esku har dezaketenak izatea, hau da, bereizkeriarik ez egitea sexua, arraza, hizkuntza, ideologia, baldintza sozio-ekonomikoak eta abar direla eta; interesgarriak izatea hezkuntzaren, gizarte eta kulturaren eta/edo kirolaren arloetarako; herritarren arteko harremana eta bizikidetza, hautapen librea eta garapen pertsonala bultzatzea eta udalak dituen beste laguntza lerro batzuetan sarturik ez egotea.