Eraikinen zaharberritzeari bultzada emateko, lehenik parte hartzea

Guaixe 2022ko api. 22a, 09:00
Jenedea Erreka kalean. ARTXIBOA

Udalak hirigintza plana aldatu eta lehentasunezko birgaitze eremua mugatu nahi du, eremu horren barruan dauden eraikinak birgaitu edo zaharberritzeko erraztasunak izan ditzaten. Erabakia behin betiko hartu aurretik uhartearrek iritzia emateko aukera dute maiatzaren 6ra arte.

Uharte Arakilek interes handiko arkitektura ondare eraikia du, 24 eraikuntza Nafarroako Arkitektura Inbentarioan sartuta daude, eta herrigunean dauden eraikin gehienek babes motaren bat dute, integrala edo ingurumenekoa. Gainera, eraikin horietako askok 50 urte baino gehiago dituzte, bai herrigunean, bai Zerradoa auzoan. Eraikin askotan ez da jenderik bizi eta pitteka aurri egoeran daude. Ondorioz etxe horiek kontserbatzeko, berreskuratzeko eta erabiltzeko kostu handiko inbertsioa egin behar da.

Horren guztiaren jakitun izanik, Uharte Arakilgo Udalak ikusi du neurriak aurki hartzen ez badira, eraikin horietako asko hondatuta geratuko direla heldu diren urteetan. Ondarea galtzeaz aparte, biztanleria galera ekarriko luke. Eta etxeen zaharberritzeari bultzada emateko erabaki du Etengabeko Lehentasunezko Birgaitze Eremua deklaratzea. Eremu bat herrigunea litzateke eta bestea Zerradoa auzoa. 

Hori egin ahal izateko, Udalak, lehenik, uhartearren iritzia jaso behar du eta, ondoren, arau subsidiarioen zehaztapen xehatuen aldaketari hasierako onarpena eman (Lehentasunezko birgaitze-eremua mugatzea). Herritarren iritzia jasotzeko www.uhartearakil.com webgunean informazio txostena jarri du. Iradokizunak eta ekarpenak egin nahi dituzten uhartearrek maiatzaren 6ra arteko epea izanen dute horretarako. Udal bulegoetan instantzia bidez edo Info@uhartearakil.com e-posta helbidearen bidez aurkez daitezke.