Aste Santu ospakizunak Aralarren

Guaixe 2022ko api. 13a, 09:09

Atzera ere jendea Aralarko santutegira joanen da. ARTXIBOA

Egunero elizkizun bat egonen da.

Data hauek garrantzitsuak dira kristauen egutegian. Erramu Igandean hasi zen eta Pazko Igandean edo Berpizkunde Egunarekin bukatuko den astean, Jesukristoren nekaldia eta piztuera ospatzen dute kristauek. Ibarreko herrietan elizkizun bereziak izanen dira egun hauetan. Baita Aralarko Santutegian ere. Aralarko Deun Mikel kofradiakotik jakinarazi dutenez, Ostegun eta Ostiral Santuetan, 17:00etan, mezak izanen dira santutegian. Larunbateko elizkizuna, berriz, 20:00etan izanen da. Eta Pazko Igandean, igandero bezala, 12:30ean izanen da meza. 

Azken egun horretan, igandean, kristauek Jesusen pizkundea ospatzen dute eta, hain zuzen, egun hori baliatzen du Aralarko aingeruaren irudiak santutegitik irteera ofiziala egiteko. Martxo hasieratik hainbat herri eta fededun bisitatu baditu ere, aingeruaren irudiak igandean, 16:30ean, ekinen dio herriz herriko ibilbide luzeenari. Ohi denez, mendian barna Baraibarreraino joanen dira fededunak Aralarko aingeruaren irudiarekin. Hara 19:00etan iritsiko dira. Joan den urtean halakorik ezin izan zen egin pandemiagatik, jendea ez pilatzeko eta gaitza ez zabaltzeko.