Txirrindularitza

Igor Arrietak ez zuen uste hirugarren sailkatuko zenik

Guaixe 2022ko mai. 2a, 12:00

Larunbatean jokatutako Asturiasko Itzuliko etapa nagusian ihesaldian sartu zen uharte arakildarra eta podiumera igo zen 

Igor Arrieta Lizarragak (Kern Pharma) titularrak ematen jarraitzen du. Larunbatean Asturiasko Itzuliko etapa nagusia jokatu zen, eta bikain aritu zen Igor Arrieta. Eguneko ihesaldian sartu, aurrera egin eta hirugarren iritsi zen helmugara, Ivan Ramiro Sosa irabazlearen (Movistar Team) eta Lorenzo Fortunatoren (EOLO-Kometa) atzetik. “Ihesaldia sortzea kosta egin zen. Portura gerturatzerakoan hobe sentitzen nintzen, baina ez nekien nola erantzungo nuen, bero handia zegoelako. Igoeran, neure burua lehendabiziko hamabien artean ikusi dudanean, aurrean egon nintekeela pentsatu nuen, baina ez nuen uste hirugarren sailkatuko nintzenik” azaldu du 19 urteko uharte arakildarrak. 

Atzo, igandea, despeditu zen itzulia, eta faborito nagusien taldean sartu zen Arrieta. Azkenean, Sosak irabazitako Asturiasko Itzulian seigarren sailkatu da uharte arakildarra.