Errekabitarte kalearen 3. zenbakiak, Sakanako Autobiarako (A-10) ekialdeko irteera daraman bidegurutzean, Uharte Arakilgo Udalak bere jabetzako eraikin bat du. Garai batean mojek erabili zuten eraikina, hain zuzen ere. Gaur egun han Correosen bulegoa, elikagai bankua eta telekomunikazio gela bat daude. Gainera eraikinak udal ikastaroak hartzen ditu (yoga, gimnasia…) eta erraldoi konpartsari aterpea ematen dio. Ludoteka hartu zuen. Bestetik, eraikina, herriko hainbat talderen egoitza ere bada: Galtzorratz dantza taldeak han egiten ditu entseguak, zanpantzarrak han du aterpea. Gainera, gazteek beraiendako txoko bat nahi dute. Emakumezkoen taldeak bere ekarpena egin du. Musika talde pare bat lokal eske ari dira…
Horren guztiaren jakitun, Uharte Arakilgo Udalak uhartear “denendako gune bat” eraiki nahi du. Eraikinari buruz herritarren iritziak ezagutzeko asmoz, udalak bilera deitu zuen apirilaren 27an. Txomin Uharte Baleztena alkateak azaldu duenez, "hiruzpalau kolektiboetako ordezkariak agertu ziren. Beste batzuen falta sumatu genuen. Hala ere, e-posta eta beste modu batzuen bidez ere ekarpenak jaso ditugu". Ekarpen gehienak jasota dituzte dagoeneko eta haiekin memoria bat osatuko du udal arkitektoak. "Garagartzaroaren 9rako egina egon behar du, dirulaguntza deialdi batera aurkeztu behar baitugu. Gure eskaera onartuko balute, behin betiko proiektua egin beharko genuke eta, orduan ere, herritarrengana eta kolektiboengana joko genuke", azaldu du Uhartek. Dirulaguntza jasoz gero ere, luze joanen litzateke hasterako, baina 2026rako despedituta beharko luketela azaldu du alkateak.
Udalaren helburua litzateke "eraikina zaharberritzea energia gutxiago kontsumitzeko eta espazioa erabilgarria izateko, lekua eta ingurua itxuratzeko", argitu du alkateak. Horregatik, eraikinen energia zaharberritze dirulaguntza batera aurkeztuko dute memoria. "Hainbat gauza egiteko aukera emanen duen espazio bat nahi dugu", gaineratu du.
Eraikinaz
Udalak, hezkuntza helburuekin erabiltzeko baldintzarekin, Damas de la Paz del Apostolado de Jesus mojei lursaila utzi zien 1964an. Han eskolaurreko klaseak hartu zituen eraikin bat jaso zen. Uharten eskola publikoa eraiki ondoren, mojek, Caritasekin batera, hezkuntza bereziko beharrak zituzten haurrendako zentroa sortu zuten 1977an. 6 eta 12 urte bitarteko haurrak hartu zituen Aralarko San Migel zentroak. 1997an itxi zituen ateak. Udaletxea berritzeko lanak zirela eta 2002 eta 2004 urteen artean udal bulegoak han izan ziren. Eta 2008ko maiatzaren 20ko bilkuran udalak eraikinaren itzulketa akordioa onartu eta bere eskutara pasa zen.
Errebuelta
Eraikinak inguruan lursail bat du, Errekabitarte eta Ospitalalde kaleen bidegurutzean hain zuzen ere. Azken karrika hori Sakanako Autobiarako (A-10) ekialdeko irteera da eta hara ateratzeko ibilgailuek 90 graduko bihurgunea hartu behar dute. Autoek ez dute arazorik, bai, ordea, kamioi eta autobusek. Lursailari zati bat kendu eta bihurgunea suabeagoa egitea da Uharte Arakilgo Udalaren asmoa gutxienez 2008tik. Jakina, lan hori egiteko dirulaguntza beharko luke. Edo zuzenean gobernuak berak egin.