Mendi lasterketak

Amaia Razkin Medranok berriro egin du

Guaixe 2022ko mai. 9a, 12:00
Amaia Razkin Medrano, ahalegin betean. FILERO FILMS

Jurramendin bezala, uhartearra bigarren sailkatu zen Nafarroa Extremeko 68 kilometroko emakumezkoetan. Ander Erice seigarren izan zen, gizonezkoetan. Eukeni Goikoetxea eta Jabi Gasanz 22 km-ko Top Tenean sartu ziren

Zubirin jokatutako Nafarroa Xtrem Trailean guztira 1.300 mendi korrikalari zeuden izena emanda. Ez zuen euririk egin, baina korrikalariek garai honetarako tenperatura freskoegia eta lohia izan zituzten bidaide. Antolakuntzak hainbat distantziako probak antolatu zituen: 68 km, 35 km, 35 km bikoteka egiteko, 22 km eta 35 eta 22 kilometrokoa elkarrekin egiteko aukera. Halako tamainako proba batek eskatzen zuen bezala, diziplina honetako korrikalaririk onenak bildu ziren. 

Distantzia luzeena (68 km) osatu zuten 283 korrikalarien artean Alvaro Ramos Peñak ez zuen aurkaririk izan (6:57:34). Navasfriasko korrikalariak 14 minutu eta 13 segundo atera zizkion Ibarrako Goar Lopetegiri. Aipatzekoa da ere Ander Erice korrikalari arbizuarrak egindako lana. Seigarren iritsi zen podiumera, irabazletik ia ordubetera (7:50:28). Emakumezkoetan Sara Peña Lizarralde oriotarrak eta Amaia Razkin Medrano uharte arakildarrak lehia polita izan zuten, baina Peñak jantzi zuen txapela (8:36:27), sailkapen absolutuan hemeretzigarren sailkatuta. Razkin bigarren sailkatu zen, Jurramendin bezala, kasu honetan txapeldunetik hamar minutu pasara (8:47:47). Denboraldi bikaina egiten ari da.

35 kilometroko proban 403 korrikalari sailkatu ziren. Iñaki Olano (3:01:32) eta Oihana Kortazar (3:40:04) izan ziren txapeldun handiak. Zazpi sakandar sailkatu ziren guztira, eta Ibon Ubeda etxarriarra (4:25:43) eta Txaro Ondarra bakaikuarra (5:54:17) izan ziren finenak. 

35 kilometroko proba bikoteka egiteko aukera plazaratu zuen ere antolakuntzak. 78 bikotek osatu zuten proba, tartean sakandarrez osatutako hiru bikotek. Francisco Javier Barea eta Raul Guillen izan ziren lehenak (3:31:12), eta Aran Larrañaga eta Patxi Rubio uharte arakildarrak 34. postuan sailkatu ziren (5:03:52). 

Goikoetxea eta Gasanz aurrean
22 kilometroko lasterketan 154 korrikalarik lortu zuten proba despeditzea. Iñigo Macias Cipriain (1:58:10) eta Aitziber Mendibil Cortés (2:19:42) gailendu ziren guztien artean, baina aipatzekoa da Dantzaleku Sakana klubeko Eukeni Goikoetxea Larraza (2:04:10) eta Javi Gasanz Barragan (2:06:49) altsasuarrek lan bikaina egin zutela, Top Tenean sailkatu baitziren, bosgarren eta seigarren, hurrenez hurren. Asteburuan Eneritz Karasatorre Arañarekin Federazio Autonomikoen Arteko Espainiako Trail Running Txapelketan parte hartzeko bikain etorri zitzaien Zubiriko entrenamendua. 


Sakandarrak Nafarroa Extremen
NX68km
Gizonak
1.Alvaro Ramos 6:57:34
6.Ander Erice 7:50:28
88.Aitor Salinas 10:00:25

Emakumeak
19.Sara Peña 8:36:27
25.Amaia Razkin 8:47:47

NX35km
Gizonak
1.Iñaki Olano 3:01:32
143.Ibon Ubeda 4:25:43
224.Gorka D. De Ulzurrun 4:45:54
292.Juan Pedro Ariz 5:12:41
338.Emilio Carabias 5:35:37
382.Aitor Etxaniz 6:22:57
383.Raul Mendoza 6:22:58

Emakumeak
35.Oihana Kortazar 3:40:04
360.Txaro Ondarra 5:54:17

NX35 bikoteak
1.F.J. Barea-Raul Guillen 3:31:12
34.Aran Larrañaga-Patxi Rubio 4:57:39
39.Egoitz Lasa-Ainhoa Markinez 5:03:52
56.Xabier Torres-Mikel Arlegi 5:46:03

NX22km
Gizonak
1.Iñigo Macias 1:58:10
5.Eukeni Goikoetxea 2:04:10
6.Jabi Gasanz 2:06:49
28.Joseba Galarza 2:34:34
29.Ander Iraizoz 2:34:47

Emakumeak
13.Aitziber Mendibil 2:19:42

*Oharra: Sakandarren baten datua falta izatea gerta daiteke.