Astekaria

Europako San Miguelen arteko bidea osatu nahian

Guaixe 2022ko uzt. 6a, 14:01

Kofradiako kideek Frantzia eta Kataluniatik etorritako ordezkaritzarekin talde argazkia egin zuten.

Aralarko santutegia Europako San Miguelen Toki eta Bideen Elkartean sartuta dago. Uztaila bukaeran Europako tenpluen arteko ibilbidea sortzeko eskaera aurkeztuko dute Europar Batasunean. Bestalde, asteburuan Deierriko Museoa mustu zuten.

Asteartean Frantziako Saint-Michel d´Aiguilheko 45 kideei eta Gironako Sant Miquel de Fluviàko bost kideei harrera egin zieten Aralarko Mikel Deun Kofradiako kideek, Joxe Mari Ustarroz presidentea buru zela. Aurretik Aralarkoek d´Aiguilhera egindako bisita itzuli zuten frantziarrek. Saint-Michel d´Aiguilhek, Sant Miquel de Fluviàk, Aralarko San Miguelek, Normandiako Mont Sant Michelek (Frantzia), La sacra di Sain Michelek (Italia) eta Monte Gargano San Michelek (Italia) Europako San Miguelen Toki eta Bideen Elkartea edo Sarea osatzen dute, eta egitasmo berezia dute: San Miguelen arteko ibibidea sortu, eta ibilbide kultural europearra izatea. Egitasmoa uztaila bukaeran aurkeztuko dute Europar Batasunean, eta egunotan dokumentazioa prestatzeko makina bat lan du aurretik Europako San Miguelen Toki eta Bideen Elkarteak. Saint-Michel d´Aiguilheko ordezkaria da elkarteko presidentea, eta Joxe Mari Ustarroz presidenteordeetako bat.

Ustarrozek azaldu duenez, Aralarko San Miguel santutegiak hamar urte inguru daramatza elkartean. "Argi genuen ezin ginela soilik hemen geratu, Europara zabaldu beharra genuela. Elkartearen berri izan genuenetik hara jo, eta parte hartzen hasi ginen" dio. Europako gainontzeko San Miguel tenpluek elkartearekin bat egitea nahiko luke. "Elkartea zabaldu nahi dugu, San Miguel guztiak bildu" nabarmendu du. 


Aingeruaren bedeinkapena jaso zuten guztiek.

Europako San Miguelen ibilbidea
Donibane bide antzeko bat sortu nahi du elkarteak, Europako San Miguelak batuko lituzkeena. "Horretan gaude, baina egitasmoa aurrera ateratzeko Europar Batasunaren laguntza beharko genuke. Dokumentazio guztia prestatzen ari gara egunotan, eta gure ekimenaren berri ematen, jakina, tartean Sakanan. Sakanako Garapen Agentziarekin bildu gara, eta Nafarroako administrazioekin eta Aralarko santutegia maite nahi duten guztiekin biltzeko eta lan egiteko prest gaude" azaldu du.

San Miguelen arteko ibilbidea Europako kultur ibilbide gisa jasotzeko egitasmoa uztaila bukaeran aurkeztuko dute Europar Batasunean. Ustarroz baikorra da. "Uste dut erantzuna urte bukaerarako jasoko dugula, eta baiezkoa izango delakoan nago, proiektu ederra delako. Horrela proiektua aurrera ateratzeko aukera izango genuke, diru laguntzak jasoko genituzkeelako" espero du. 

Baiezkoa jasoz gero, Europako San Miguel tenpluen arteko ibilbidea jaso, seinaleztatu, gizarteratu eta zabalduko lukete, San Miguel tenpluei balioa emateaz gain, turismoari ekarpena eginez. "Garai batean San Miguelen arteko ibilbidea zegoela jakin dugu, baina ez dakit zergatik galdu zen. Beraz, egitasmoa aurrera ateratzea polita litzateke. Gero, norberak nahi ahala egingo luke bidea: oinez, bizikletan…" irudikatzen du. 

Deierriko lanekin gustura
Santutegiko Lakuntzetxe edo Deierri etxea berritzeko lan potoloenak despeditu dira. Goiko pisuan Aralarko Mikel Deun Kofradiaren egoitza dago. "Garagartzaroaren 26 kofradiaren asanblada orokorra egin genuen bertan, gure egoitzan, eta oso pozik gaude". Kofradiak 1.750 kofrade ditu, "eta osasunarekin dago. Deierriko lan handienak bukatu dira, baina lan txikiagoak ditugu aurretik, komunak eta bestelako ekipamenduak jarri" . Halaber, ohiko ekitaldiekin jarraituko du kofradiak. "Garilaren 14an haurrak San Migeli aurkezteko ekitaldia egingo dugu. Pergaminoa jasotzeko, aurretik eman behar da izena" gogoratu du. 

Deierriko museoaren mustutzea
Igandean, Lakuntzetxe edo Deierriko Museoa mustu zen. Mezaren ondoren Etxarri Aranazko abesbatzak kontzertua eskaini zuen. Bezperan uharte arakildarrek Deierrin bisita gidatua egiteko aukera izan zuten. Museoa garilaren bukaera aldera behin betiko zabalduko da. 

Virtualan.es enpresako Iker Ibero Iriartek landu ditu museoko edukiak. "Gune ezberdinak daude. Batetik, Europako mapa erraldoi batean San Miguel tenplu ezberdinak jaso ditugu, eta Aralarkoak Europako testuinguru horretan duen garrantziaz jabetuko gara" dio Iberok. Beste gune batean antzinatik hona San Miguelen irudiak izan duen eboluzioa dago ikusgai. Artxuetatik santutegiari ateratako argazki ikusgarria jarri dute ere, baina agian, ikusgarriena Aralarko santutegiko erretaula gertutik ikusteko jarri duten ukipenezko pantaila erraldoia da. "Erretaula noiz eta nola egin zen jasotzen du, eta duen zoom ikusgarriari esker, xehetasun guztiak gertutik ikus daitezke" dio Iberok. Beste pantaila batean Aralarko santutegiaren historia jasotzen da. "Santutegia nola aldatu den erakusteko, VII. mendeko, X. Mendeko eta XII. mendeko santutegiaren birsortze birtuala egin dugu" gaineratu du. San Migeli buruzko istorio bitxiak jasotzen dituen ikus entzunezkoan, esaterako, 1.100 urtean Sancha Xemeneizkoak Jerusalemera egindako bidaia jaso dute. "Zerbait polita eta ikusgarria egitea zen gure ideia, eta lortu dugula uste dut. Igandean gonbidatuak zaudete" egin du gonbita.