"Santutegiari buruzko erakusketa ikusgarria egitea zen gure ideia eta uste dut lortu dugula"

Guaixe 2022ko uzt. 1a, 14:30
Iker Ibero Iriarte.

Igandean mustuko dute Aralarko santutegiko Deierri etxeko beheko solairuan kokatutako museoa. Virtualan.es enpresako Iker Ibero Iriarte izan da museoko edukiak landu dituena. 

Igandean, Lakuntzetxe edo Deierriko Museoa mustuko da, 12:00etan. 12:30ean meza izanen da eta, ondoren, Etxarri Aranazko abesbatzak parte hartuko du. Bezperan uharte arakildarrek Deierri etxeko erakusketa ezagutzeko aukera izango dute. Ondoren museoa itxi egingo da garilaren  bukaera aldera behin betiko zabaldu arte. 

Deierriko museora etortzen denak zer topatuko du? 
Hainbat gune daude. Sartu eta eskuinaldean Europako mapa handia dago, Kontinenteko hainbat San Miguel tenplu kokatzen dituena. Europako testuinguruan Aralarko santutegiak garrantzi handia duela jabetuko gara. Mapan Europako erromesaldien ibilbideak ere jaso ditugu, baita zazpi santutegik osatzen duten San Migelen lerro sakratua edo San Migelen ezpata ere. Barrurago dagoen bigarren txoko batean kusiko dugu San Miguelen irudia nolakoa izan zen aitzinean eta nola garatu den urteen poderioz. Azpian ikusgai daude gurutze limosnaria, santutegiko anaien etxe bakoitzean haien izenarekin dauden dominetako batzuk, irudiak eta beste. 

Etengabe ikusten den ikus entzunezko bat dago.
Ikus-entzunezkoak paisaia ederrak eta San Migueli buruzko istorio oso politak jasotzen ditu lau minututan. Sancha Xemeneizkoak gurasoei idatzitako gutun bat da ardatza. Bera 1.100 urte inguruan Jerusalemera pelegrinazioan joan zen. Garaiko arduren bitartez Aralarko irudiaren berri ematen du. Eta beste hainbat bitxikeria. 

Ezkerreko aldean Artxuetatik egindako argazki erakargarria dago, eta aldeetara zenbait eduki. 
Hala da, argazkia ikusgarria da, paisaia ere halakoa delako. Aldamenean zenbait kontu bitxi bildu ditugu. Eskuinean Pedro Artaxoakoak bere garaian egin zuen tratatu baten lehendabiziko orrialdea, esaterako. 

Erretaula gertutik ikusteko jarri duzuen ukipenezko pantaila erraldoia da, agian, ikusgarriena.
Erretaula noiz eta nola egin zen jasotzen du, hau da, erretaularen historia. Pantailak duen zoom ikusgarriari esker, erretaularen xehetasun guztiak gertu-gertutik ikus daitezke. Oso bitxia da. Beste pantaila batean santutegia bilakaeraren berri ematen da. Nola aldatu den erakusteko, VII. mendeko, X. mendeko eta XII. mendeko santutegiaren birsortze birtuala egin dugu. Informazio guztia lau hizkuntzatan dago: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. 

Museoan prestatutakoarekin kontentu geratu zarete?
Bai. Gure ideia zen santutegiari buruzko zerbait oso polita eta ikusgarria egitea, eta uste dut lortu dugula. Hona etortzera eta zuzenean ikustera animatzen dizuet. 

Aurretik Aralarko San Miguel santutegia ezagutzen al zenuen?
Txikitatik etorri izan naiz, askotan, eta, alde horretatik, lan hau egitea oso polita izan da niretako. Asko ikasi dut, eta egindako lanarekin oso pozik nago.

Ikusi dutenek zer esan dizute?
Lehenengo inpresioa oso ona izan da. Nik uste jendeak erakusketan disfrutatu duela. Etengabe argazkiak egin dituzte, panel interaktiboak ukitu, ikus entzunezkoa ikusi... emaitzarekin oso pozik nago. Igandean mustuko dute, eta falta diren lan guztiak bukatuta, garilaren akaberan behin betiko irekitzea aurreikusten da.