XIII. Km Bertikala izanen da irailaren 18an

Guaixe 2022ko uzt. 19a, 11:06

Uharte Arakil eta Beriainen arteko lasterketarako izena ematea zabalik dago. Gehienez 200 korrikalarik parte har dezakete. 

Uharte Arakil-Beriain KM Bertikalaren hamahirugarren edizioa irailaren 18an jokatuko da, 10:00etatik aurrera, eta korrikalariak Uharte Arakilgo frontoitik ateratzen dira eta helburua Beriaingo tontorrera iristea da, 1494 metrora; 1023 metroko desnibela egin beharko dute KM Bertikalean parte hartzen duten korrikalariek. Ibilbidea Itxesi auzotik pasatzen da eta igerilekuetataik Autzasoroburura (655 m.) iristen da. Bertan aldapa gora nahiko gogorra hasten da, Beriainera igotzeko ibilbide ohikoena dena. Autzaldapa (925 m.) pistan janaria eta zerbitzu medikuak egongo dira. Basora atera aurretik, bideak eskuinera eramaten du eta bertan dago gainara ateartzeko azken aldapa. Bertatik San Donatora, helmugara, iritsiko dira parte hartzaileak. 

Beriain KB taldeak, Aralar Mendi elkarteak eta Uharte Arakilgo Udalak antolatzen dute lasterketa, eta dagoeneko izena ematea zabaldu du uhartearakil-beriain.com webgunean.