Uharte Arakilgo Udalak oniritzia eman ondoren, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilari Jose Mari Aierdi Fernandez de Barrenak Foru Agindu bidez esku-hartze orokorreko proiektu bat onartu du Uharte Arakilgo 14 jabeen erkidegotarako. Itxesi kaleko 1, 3, 5, 7, 9, 11, 13, 15, 17, 19, 21, 23, 25 eta 27 zenbakiak hartzen ditu proiektuak. Atari guztiek tipologia bera dute: beheko solairuan lau etxabe, atariko etxebizitza bakoitzeko bana eta bi solairu. Solairu bakoitzeko bi etxebizitza daude, gehi erdiko eskailera. Eraikin horien fatxadek eta estalkiek ez dute isolamendu termikorik. Atari bakar batek ere ez du igogailurik. Bi atarik ez dute proiektuarekin bat egin, baina hura indarrean den bitartean bat egiteko aukera izanen dute.
Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen ditu irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, eta VI. kapituluko 4. atalean, esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu, bizitegi multzoak berroneratzeko xedea dutenak. Halako proiektuen helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbean harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan. Halako proiektuekin dirulaguntza handitu egiten zaie jabeei.