Asier Ordoño

"Zamartze oso leku lasaia da, bitxia eta espirituala"

Maider Betelu Ganboa 2022ko abu. 1a, 08:03
Asier Ordoño Daubagna, Zamartze parean.

Asier Ordoño Daubagna nekazari agro-ekologikoarendako Zamartze da Uharte Arakilgo txokorik bereziena, "historia asko duelako, leku oso lasaia delako eta espirituala delako"

Asier Ordoño Daubagna nekazari agro-ekologikoa da eta Uharte Arakilgo bizilaguna 2021eko ilbeltzetik. “Aurretik bizpahiru urte egon nintzen Arruazun eta hori baino lehen amonaren baserrian, Urarten, Araban”. Gasteiztarra sortzez, Arkauten ekoizpen agro-ekologikoa ikasi “eta nire bokazioa aurkitu nuen”. Ondoren Artzain Eskolan trebatu zen eta amonaren baserrian ahuntzen artisau gazta egiteko proiektu profesional bat martxan jartzen saiatu zen. “Baserrian baratzea eta fruta-arbolak genituen, baina lursail handi bat behar nuen proiektu profesionala aurrera ateratzeko, eta ez nuen lortu. Herrian 15 bizilagun zeuden eta inork ez zidan lursailik saldu, nahiz eta guztiak jubilatuta egon. Paradoxa”. 

Ekoizpen agro-ekologikoa ikasi zuenean, praktikak Arruazun egin zituen, Albi gaztandegian. Anaiaren neska laguna arruazuarra da, Arantxa Satrustegi, eta hark animatu zuen. Amonaren baserriko proiektuak aurrera egin ez zuenez, Arruazu inguruetan lursail bat bilatzen hasi zen. Uharte Arakilen topatu zuen, Amurginen, Uharte Arakilgo baserrietatik gertu, Lakuntzako lursailetatik hurbil, Santa Luzia ermita ondoan. Ordutik uharte arakildarra da, eta “poz-pozik” dago, baina aitortu du beroagatik “denboraldi oso gogorra” izaten ari direla. “Beroarekin landareek sufritzen dute, animaliek sufritzen dute, –baratzea eta oiloak ditu–, eta guk ere sufritzen dugu. Baina asko ikasten ari naiz, hau nire bokazioa baita” nabarmendu du, bigarrenez. 

https://guaixe.tokimedia.eus/imagecache/original/2022_29/7907/argazki/70311_1658410871.jpeg

Uharte Arakil herri polita da, eta baso eta mendi ikusgarriak ditu, Beriain eta Aralar tarteko. Herriko txoko politena zein den galdetuta, Zamartzeko Andre Maria Monasterioa aukeratu du Ordoñok. “Niretako, oso leku lasaia da, berezia. Historia asko du. Erromatarrak egon ziren, XI. mendean uste dut ospitalea izan zela… leku oso bitxia da. Justu atzean Aiztondo dago, eskalatzaileen malkorra, eta atzerago Aralarko San Miguel, eta beste aldera begiratzen baduzu, Beriain. Oso leku lasaia da, eta espirituala. Ni ez naiz fededuna, baina toki espirituala da, berezia” azaldu du Ordoñok. Elizaren ondoan dagoen Zamartzeko Andre Mariaren Gogarte Etxera, hain zuzen ere, meditatzera eta erretiroa egitera etortzen da jendea.  

Erromatarretatik
Zamartzen dagoen informazio panelean jasotzen denez, Zamartzen gizakien okupazioa jarraia izan da azken 2.000 urteetan, eta hori gertatzen den Nafarroako toki bakanetakoa omen da. Gaur egun, monasterioaren eliza besterik ez dago –X. Mendearen bukaeraz geroztiko Iruñeko katedralarena zen–, eta elizak dituen erdi-puntuko portada eta kapitelak ikusgarriak dira. Elizaren ondoan ikusgai dauden arkeologia lanek eta eliza barruan egindakoek agerian utzi dutenez, aspalditik bizia zegoen Zamartzen: erromatar garaiko Aracaeli mansio erromatarraren aztarnen gainean jaso zen Zamartzeko Andre Mariaren Monasterioa, I. mendeko 30eko urteetan. Hortik heldu omen da Arakil izena. Kokagune hau Astorga eta Bordele lotzen zituen galtzada erromatarreko bidaiarien beharrak asetzeko sortu omen zen, eta gerora Donejakuera joateko erabili zen. 

Ederra da Zamartze, baina, Ordoñoren iritziz, Zamartzeren berrikuntza egin zenean jarri zioten teilatua “akatsa” izan zen. “Halako teilatua jartzea, zementu eta porlanezkoa. Niretako, akatsa izan zen. Baina horrela egin zen eta hori da dagoena”. Egindako indusketa arkitektonikoetan agertu ziren erromatarren aztarnengatik ere “oso leku berezia da”. Bertara hurbiltzeko toki aproposa da, “Aralarko santutegiarekin lotura handia duena, Zamartzetik atera bezain pronto, Aralarko portua abiatzen baita”. 

"Historia asko du. Erromatarrak egon ziren, ospitalea izan zen, monasterioa..."

Bertara hurbiltzera gonbidatu du Ordoñok, “eta baita gure produktuak ezagutzera ere. Hemen gazta egiten da, barazkiak ekoizten dira… denetatik”. Uharte Arakilgo Artzai Eguna ere ate-joka dute. “Nekazarien, artzainen eta abeltzainen lanaren erakuslea da. Egun hori oso polita da. Azkeneko bi urtetan ez da egin, eta gogotsu gaude. Postua jartzeko baimena eskatua dut” azaldu du. Asteartero Lakuntzako azokan postua jartzen du, eta arrautzak eta garaiko barazkiak eskaintzen ditu, barietate bereziak ere. “Zerba gorri batzuk ditut, oso onak direnak, orri-mami gorridunak. Britainia Handitik ekarritako hazia landatuz sortutakoak dira. Ezagunei bidaiatzen dutenean haziak ekartzeko eskatzen diet” dio irribarrez. Azokaren garrantzia nabarmentzen du. “Azokak behar ditugu, eta ez soilik produktuak saltzeko, herriak girotzeko ere bai”. 

Inguruko paisaia zoragarriak dira beste harribitxietako bat. “Etorri nintzenean, hasieran Beriainera begira jartzen nintzen eta han geratzen nintzen, baina denborarekin ohitzen zara. Hala ere, paisaia zoragarriak ditugu” nabarmentzen du. 

https://guaixe.tokimedia.eus/imagecache/original/2022_29/7907/argazki/70281_1658410869.jpeg